Elgetan jaiotako 26 lagunen bizipenak jaso ditu Manolo Cainzosek 'Elgetarrak historian' liburuan

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko ira. 24a, 10:34

Manolo Cainzos, Elgetan, 'Elgetarrak historian' liburu berriarekin.

Atzo eman zioten hasiera 2020ko Memoria Asteari, Elgetan. Cainzosek Intxorta 1937 kultur elkartearekin argitaratutako liburuaren aurkezpena izan zen lehen ekitaldia.

Elgetan jaiotako hemezortzi gizonezkoren eta zortzi emakumezkoren bizipenak jasotzen ditu bi hizkuntzatan argitaratutako 209 orriko liburuak. "Kontaketa laburrak dira, eta bizitza horien kontakizunari esker gizarte eredu horien nolakotasunean sar gaitezke: botere ekonomikoen eta erlijiosoen nagusitasuna, desoreka soziala, genero bereizketa, langileen esplotazioa...", azaltzen du Manolo Cainzosek. "Daude jauntxo feudalak, ezkontza-itunen bidez aberastutako familiak, konkistatzaile militarrak, merkatariak, kargu politikoak, elizako gizon-emakumeak, artistak, irakasleak, gizarte-ongileak, bidelapurrak, gerrako biktimak...".

Liburuko pertsonaietako batzuk agertu ziren Cainzosek duela bi urte kaleratutako Elgeta lehen eta orain liburuan, baina inor gutxik ezagutuko ditu Elgetako artxibo historikoko agiriak Cainzosek beste, eta aurkikuntza berriak ere egin ditu. Bestelako artxiboetara ere jo du 26 istorio horiek osatzeko: Bergarara, Oñatira, Bilbora eta Alcala de Henaresera, tartean. "Zoragarria izan da Juan Ochoa Elgueta ahaide nagusiaren pista aurkitzea. Jalotza etxeko leinuak bi mendez izan zituen kontrolpean Elgetako lurrak. Guiomar Donor Olaegui Guzman (1490-1555), berriz, emakume oso boteretsua izan zen. Hiru aldiz ezkondu zen, eta ezkontza-itun bitartez inguruko familia boteretsuenak elkartu zituen: ibarratarrak, elgetatarrak eta olaegitarrak".

Maria Angela Telleria Arana (1779-1864) beste balentria batzuengatik da ezaguna. Durangoko kartzelan preso zeuden 26 soldaduren ihesaldia ahalbidetu zuen frantsesen aurkako 1808ko gerran. Birritan atxilotua, heriotza-zigorrera kondenatu zuten, baina aske amaitu zuen.

Juan Maria Eguren Mugikak (1828-1880) maisutza ikasi zuen, ikastea gutxi batzuen pribilegioa zen garai batean. Gipuzkoako lehen hezkuntza ikuskaria izan zen, eta 200 bat eskola abiarazi zituen. Euskal hiztuna bazen ere, gazteleraren defendatzaile sutsua zen, eta oso kritikatua izan zen horregatik. Gaztelera ikasteko metodo bat garatu zuen.

Martin Saez Ibarra inkisidorea, Francisco Zulueta ontzi-kapitain aberatsa, Joaquin Iturbe Arregi Santua bidelapurra, Domingo Iturbe Altube ongile ezaguna... Ez dira gutxi Elgetak emandako pertsonaia historikoak.

30 bat lagunen aurrean egin zuen atzo aurkezpena Cainzosek. Liburua, orain, Julianen Kioskoan dago eskuragarri, 12 eurotan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak