La Belga posizioa: boluntario belgikarren gunea

Mireia Bikuña 2020ko ira. 23a, 18:00

Elgetako La Belga posizioa

1936ko urriaren 4an, nazionalitate belgikarra zuten lau gazte heldu ziren Elgetara. Metraileta astun bat ipini zuten Intxorta inguruko gaintxo batean, eta egun hartako eraso frankista saihestu zuten, La Belga posiziotik.

Kokaleku bikain hartatik, gogorki zigortu zuten infanteria frankista, lurrean babes hartzera behartuz. Faxisten eraso gogorrena Asentzio aldetik etorri zen. Bigarren mailakoak Uberatik eta Angiozar aldetik egin zituzten. La Belgatik oso erraza zen etsaia tirokatzea. Gudariak eta milizianoak parapetotik defendatu ziren 1936an borrokaldian, eta lubakietatik 1937an. Baina metraileta-gunea ezinbestekoa izan zen erasoa saihesteko. Etorri eta joan Laukote hark urriaren 4ko borrokaldietan egindako lana eta erakutsitako grina ez zuten berehalakoan ahaztu euskal boluntarioek.

Emakumeak, atzeguardian

Belgikatik heldutako laukote hartako bi emakumeak ziren. Datu hori oso esanguratsua da. "Emakumeak borrokaldietako lehen lerroan egotea ez zen normala. Batzuek, ideia politikoengatik edo sozialengatik, lehen lerroan borrokatu gura izan zuten. Baina Gobernuak debekatu egin zien, esanez euren lana aberasgarriagoa zela atzeguardian. Gainera, soldaduen artean sexu bidezko gaitzak kutsatzea egotzi zieten emakumeei", diote. Gerrako lehen fasean izan ezik, Gipuzkoako borrokaldietan, batez ere, alderdietako emakumezko militanteek atzeguardian izan zuten protagonismo handiagoa. Militarizatutako industrian lan egin zuten, gizonezko gudariek behar zituzten elikadura eta bestelako zerbitzuen zama hartu zuten euren gain, eta gerra-lekuetako erizain eta gidariak izan ziren.

Esther Zilberberg

Bi emakume belgikar haien omenez, Intxortako borrokaldiei buruzko bisita gidatuetan, emakumeek izan zuten eginkizuna azpimarratzen dute La Belga posizioan. Izen bat aipa daiteke: Esther Zilberberg. Jaiotzez poloniarra zen, baina medikuntza ikasten zegoen, Belgikan, estatu kolpea gertatu zenean. "Euskal Herrira etorri zen, errepublikazaleei laguntza ematera, eta osasun zerbitzuetan eman zuen izena. Ez dakigu ziur Elgetatik pasa zen edo ez. Irungo eta Legutioko borrokaldietan egon zela badakigu. Hortaz, 1936ko udazkena eta 1937ko udaberria artean Elgetatik pasa zela pentsatzea ez zaigu zorakeria iruditzen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak