Produktu eta genero ezberdinen hamar postu izan dituzte Elgetako baserritarren azokan

Eneko Azurmendi 2020ko ira. 19a, 15:15

Askotariko produktuak izan dira herriko plazan: ortuko barazki eta frutak, ogia, eztia, pastelak eta baita arropa eta bestelako material artisauak ere. Aurreko urteetan baino jende eta postu gutxiago izan arren, "hala hobe" dela azaldu du Sebas Arantzabal Baserritarren batzordeburuak, "pilaketak ekiditeko eta segurtasuna bermatzeko".

Uda lehorra izan da eta horrek produktuengan eragina izan du, Arantzabalen esanetan. "Produktu asko bizkorregi etorri dira eta oso zaila da sasoian egun baterako prestatzea ortua. Ur askorekin ibili behar izan dugu, ia egunero ureztatzen, eta hori nabaritu egiten da gero".

Bestalde, pandemiak baldintzatutako azoka izan da Elgetakoa ere. “Beste urte batzuetan egon izan diren hainbat baserritar ez dira etorri aurten, adinean ere aurrera doaz eta, badaezpada". Azoka muntatzerakoan ere, zirkuitu bat egin dute eta erosleak norabide bakarrean joan dira postu batetik bestera, distantziak mantenduz. "Zailtasunak agerikoak dira eta jende kopuruari dagokionez ere, aurreko urteetan baino erosle gutxiago etorri dira. Azken batean, helburua hori ere bazen, jendea ez pilatzea, eta segurtasuna bermatzeko, hobe da jende gutxiago etortzea, eta txandaka". 

Trikitilariek alaitu dute azoka

COVID-19aren eraginez, bestelako hainbat ekintza ere bertan behera utzi behar izan dituzte. "Tirolina egiten genuen azken urteetan eta Intxortako Igoera ere bai, besteak beste, eta ekintza horiek eguna janzteko balio zuten. Horren ordez, baina, atzo bertso saio bat egin genuen eta azokak iraun duen bitartean trikitilariak aritu dira giroa alaitzen". Eguraldiak ere lagundu du, hasieran, behintzat. "Zalantzan egon gara arkupeetan jarri edo ez, baina azkenean plazan jarri ditugu postuak". Ostean eraman zituzten arkupetara euriaren ondorioz.

Erlazionatuak

Neurriak hartuta, herriko produktuak plazara

Larraitz Zeberio Lekuona 2020 ira 18 Elgeta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak