Neurriak hartuta, herriko produktuak plazara

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko ira. 18a, 18:28

Baserritarren azoka, iaz, Elgetan.

Hamar bat postuk osatuko dute, zapatuan, baserritarren azoka. Segurtasun neurri bereziak hartuko dituzte kutsatzeak saihesteko, eta aurten ez dira egingo ez Intxortako igoera, ez baserritarren bazkaria, ez otarrearen zozketa.

Elgetarrek ekoiztutako generoa eta herriko artisauek egindako eskulanak izango dira bihar protagonista. Azoka 10:30ean zabalduko dute, eta ortuko produktuekin izango dira bertan Josetxo Arantzabal, Pili Arin eta Sebastian Arantzabal. Artisau lanak Lorena Ibeasek, Pili Arinek eta Andrea Diazek ekarriko dituzte. Marokoar gozoak, Larrabiltxoko eztia, Baobeer garagardoak, Unzetabarrenetxeatarren ogia eta ortu ekologikoetako produktuak ere izango dira azokan. Giroa alaitzeko, berriz, soinuarekin eta panderoarekin izango dira Angiozarko Miren eta Arkaitz.

Faltan sumatuko dira, aldiz, Intxortako igoera, azokako produktuen otarrearen zozketa eta baserritarren bazkaria. "Bazkari hori formatuz aldatu dugu aurten. Postu bakoitzak txartel bana jasoko du nork bere aldetik otordu bat egiteko", esan du Baserritarren batzordeburu Sebas Arantzabalek.

Segurtasun neurri bereziekin

Pandemia egoeragatik bestelako neurriak ere hartuko dira, eta saltzaile bakoitzak agiri bat sinatu du betetzeko konpromisoa agertuz. Zirkuitu bat egongo da eta bezeroak noranzko bakarrean mugitu ahalko dira. Sarreran eta irteeran gel hidroalkoholikoa egongo da, eta postu bakoitzak berea izango du. Eramateko produktuak soilik salduko dira, ezingo da postuetan ezer jan eta bezeroek ezingo dute ezer ukitu. Maskarak erabili eta metro eta erdiko distantzia mantendu beharko da.

Lehorteak markatutako uzta

"Uda oso lehorra izan da, eta nahikoa lan ibili dugu baratzean", azaldu du Arantzabalek. "Asko ureztatu behar izan da, eta ureztatu ezin direnetik gutxi atera da. Esaterako, baba. Tomatea konpentsatu dugu azken partean. Sikuarekin ondo doa heltzen, baina hasieran gaixotasun dezente izan zuten".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak