"Intxorta 1937 kultur elkarteak eta Elgetako Udalak elkarlanean Debagoieneko gerrako haurrei omenaldia genuen apirilean, baina COVID-19aren ondorioz urrira atzeratu genuen. Gaur egungo egoeran ere segurtasun baldintzak beteta omenaldirik ezin dugula egin ikusita omenaldi ekitaldia bera bertan behera uztea erabaki dugu".
Gaur eman dute erabakiaren berri antolatzaileek. "Hala ere, hainbat hitzaldi eta proiekzio antolatu ditugu, memoria historikoa berreskuratu, egia ezagutarazi eta justizia eskatzeko bidean sakontzeko asmoarekin".
Memoria historikoarekin lotutako bi data seinalatu izaten dira Elgetan urtero: apirila eta urria . Apirilean frankistak herrian sartu zireneko egunak ekartzen dira gogora eta gertaera hark ekarritako sufrimendu guztia. Urrian, berriz, gudariek eta milizianoek tropa frankistak gelditzea lortu izana gogoratzen da.
Pandemia egoerak gauza asko aldatu ditu, eta aurten ezin izan da apirileko ekitaldirik egin. Urrira atzera bazen ere ezingo da egin eta ordez bi liburu aurkezpen, dokumental baten proiekzioa eta hitzaldi bat iragarri dituzte.
Egitaraua
Lau ekitaldi izango dira, eta guztiak egingo dira Espaloia kafe antzokian, 18:30ean. Maskarak jantzita eraman beharko dira eta segurtasun distantziak mantendu beharko dira.
- Irailak 23, eguaztena: Manolo Cainzosen Elgetarrak historian liburuaren aurkezpena.
- Irailak 24, eguena: Aiert Zubigarairen Emakumeon memoria 1937 liburuaren aurkezpena.
- Irailak 29, martitzena: Goazen gabiriar danok dokumentala. Gattiken komunikazioa.
- Urriak 1, eguena: Juan Ramon Garairen Debagoieneko haur erbesteratuak hitzaldia.