Aurreko astean gurasoendako egindako informazio bileretan eman zituen azalpenak zuzendaritza taldeak eta gaur goizean lasai eta modu antolatuan joan dira gauzak. Ikastetxeko ikasle nagusienak iritsi dira lehenengo; LH 3 - LH 4 - LH 5 eta LH 6 mailetakoak, hain zuzen ere. Guztiak maskararekin. Ez da txirrinik egon eta pilaketak ekiditeko ohikoa baino hamar minutu lehenago dute sarrera ikasturte honetan. Lerroan jarri eta irakasleak esandakoan igo dira ikasgeletara.
09:00etan gainerako ikasleen txanda izan da. HH3 eta HH4ko ikasleak frontoian elkartu dira tutoreekin. Gainerakoak, eskola atarian. Haur Hezkuntzako ikasleendako maskara ez da derrigorrezkoa.
Jardunaldi trinkoa izango dute Elgetako Herri Eskolan irailaren 15era arte. Jangela zerbitzuko LH 3 - LH 4 - LH 5 eta LH 6 neska-mutikoak 14:20ean irtengo dira, eta gainerakoak 14:30ean. Jangela zerbitzuko erabiltzaile ez direnei dagokienean HH3tik HH5era, 12:30ean; LH3tik LH6ra, 12:50ean; eta LH1 eta LH2koak, 13:00etan.