Tradizioa ardatz duen eztia, Larrabiltxon

Maialen Regueiro 2020ko uzt. 27a, 10:18
Luis Mari Arantzeta ezti-ekoizlea Larrabiltxon.

Elgetako Larrabiltxo baserrian ekoizten du eztia Luis Mari Arantzetak, bere semearekin batera. gaur egun, 80 erlauntza inguru dituzte eta eztia ekoizterakoan eta erlauntzaren mantenuan Arantzetaren anaiek utzitako tradizioan oinarritzen dira.

Luis Mari Arantzeta gizon ezaguna da Elgetan, Larrabiltxo baserriko semea izateaz gainera bertan diharduelako, semearekin batera, eztia ekoizten hainbat urtez geroztik. Arantzetak, gainera, bere anaiek utzitako tradizioarekin jarraitzen du.

Anaiek utzitako tradizioa

Arantzetaren anaietako batek, Danielek, fraide izateko ikasketak egin zituen eta Ordizian egon zen hiru urtez. Berarekin batera zegoen beste fraide batek erleak zituen eta kopuru handiak ekoizten zituen. Ekoizpen garai batean, gainera, fraidea langile beharrean zegoen eta Daniel berarekin hasi zen eztia egiten. Handik ikasi zuen Arantzetaren anaiak prozesua: "Danieli fraideak erakutsi zion eztia egiteko prozesua, eta, gerora, beste anaia bat konbentzitu zuen etxean erleak jar zitzan; ordutik, gure etxean ez da erlerik falta izan. Gaur egun, nik eta nire semeak jarraitzen dugu eztia ekoizten", adierazi du Arantzetak. Ezti-ekoizleak aipatu duenez, gaur egun, 80 erlauntza inguru ditu eta ez du erlerik erosten: "Guk etxeko materialarekin egiten ditugu kaxak, eta, sasoi honetan, erleek gustuko duten eta horiek erakartzea helburu duen produktu bat jartzen dugu kaxan, eta horrela etortzen dira".

"Ez ditugu erleak erosten; kaxetan horiek erakartzeko produktu bat jartzen dugu"

Kaxen materialaren harira ere xehetasunak eman ditu elgetarrak: "Gure aita arotzaren semea zen eta kaxak hark egiten zituen, egurra erabiliz. Erlea edukitzeko, gainera, egur onena gereziarena dela esaten dute, baina guk pinua edota haritza erabiltzen ditugu".

Eztiaren ekoizpena

Arantzetak udaberria iristearekin batera, eztia ekoiztearen prozesuan garrantzitsua den ekintza bat egiten du, kaxak garbitu. Horrekin batera, abao zaharrak kendu eta berriak jartzen ditu. Izan ere, ezti-ekoizleak azaldu du, erleek abaoa guztiz propolitzen dutela, erregina bertara joan dadin eta arrautzak jar ditzan. Abaoaren harira, aipatu du, zaharrak kentzen dituenean urtu egiten dituela argizaria ateratzeko. Eztia ateratzeko orduan, eztiak dituen koadroak hartzen ditu eta horiek izaten duten operkulua kentzen du, zentrifugatzeko erabiltzen duten makinan sartzeko. Hortik ateratzen da eztia, eta, honek duen fruktosaren eta glukosaren arabera, lehenago edo geroago gogortuko da: "Gure etxean Maria bainua erabiltzen dugu, eta prozesu horretan ez da komeni ura 40 edota 45 gradutik gora berotzea, eztiak dituen propietateak galtzen dituelako". Behin eztia aterata, koadroak kaxetan sartzen ditu, beste ateratze baterako. Datozen asteetara begira, gainera, beste ezti ateratze bat egiteko asmoa azaldu du Arantzetak.

Udazkenean ere Arantzetak lana izaten du: "Udazkenean kaxak negurako prestatu behar dira. Erleak kaxa barruan egoten dira eta haiek egindakotik bizi dira, nahiz eta batzuetan jana jarri behar izaten diedan". Horrekin batera, aipatu du euria eta hotza kaltegarriak direla eta erleak galtzeko arriskua izaten duela.

Erlauntzaren mantenua

Erlauntzaren mantenua garrantzitsutzat jo du elgetarrak. Izan ere, ezti-ekoizlearen esanetan, bi dira erlauntzean sortu daitezkeen gaixotasunak: "Bata akaroek eragindakoa da, arrautzak jartzen dituztelako; eta besteari nosemiosi esaten zaio. Eta, horiek saihesteko, erlauntzari begiratu bat ematen diodan bakoitzean, belar-dendan erosten dudan buztin-hautsa botatzen dut". Ohitura horrek ere jatorria istorio batean du eta Arantzetak xehetasunez azaldu du: "Nire anaia Josek Madrildik ekartzen zuen erlauntzera botatzeko antibiotikoa, eta, urte batean, ezti asko ekoiztu genuenez, Getariako baserri bati saldu genion. Bertan, eztiak antibiotikoa zuela esan ziguten eta Getariara joan behar izan genuen berau batzera. Hango langile batek esan zidan berak lurra erabiltzen zuela nosema hiltzeko, baina, horrekin saiatu ostean, buztina erabiltzea bururatu zitzaidan, eta, ordutik, gure erlauntzek ez dute gaixotasunik izan".

"Maria bainuan ura oso bero badago, eztiak dituen propietateak galtzen ditu"

Propolia

Elgetarraren esanetan, erleek zuhaitzetako erretxinatik ateratzen dute propolia, eta ondoren, kaxara sartzen direnean guztia propolizatzen dute: "Guk tranpak jartzen dizkiegu, plastikozko sare batekin, baina haiek zuloak propoliarekin estaltzen dituzte. Guk zulo horietatik propolia atera eta izoztu egiten dugu, ondoren alkoholetan disolbatzeko". Horrekin batera, propoliaren ezaugarri onuragarriak aipatu ditu Arantzetak, gorputzerako defentsa ona delakoan.

Joxe eta Daniel Arantzeta

Joxe eta Daniel Arantzeta Luis Mariren anaia zaharragoak dira. Danielek ikasi zuen lehenik eztia egiten, fraide baten eskutik, eta hark Joxeri erakutsi zion. Azken honen erreleboa Luis Marik hartu, eta gaur egun Larrabiltxo baserrian ekoizten du eztia Arantzetak.

Joxe eta Daniel Arantzeta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak