Tabernak lantoki eta bizileku zireneko garaiak

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko uzt. 23a, 09:15

Ostatuko Faustino eta Balbina, Panaderokuako Abelina eta Zeletaneko Hilari eta Patxi Gipuzkoako ostalarien bazkari batean. (Argazkia: Ostatu taberna)

Tabernarekin batera zegoen askotan janari denda, harategia edo kinkila denda. Beste garai batzuk ziren, eta beste aisialdi bat. Egun bereziak ere izaten ziren, eta, Asentzion edo Kanpanzarren barra jarri behar bazen, trasteak gurdian hartu eta han izaten ziren.

Herri txikia izanagatik tabernarik eta jatetxerik ez da sekula falta izan Elgetan. Aurreko belaunaldien ostalaritza estiloa gertutik ezagutu dute Ostatu tabernako alaba Arantxa Aretxagak eta Panaderokuako Ramon Ugaldek. Guria, Martintxo, Mantunekua, Lupiren bodega, Vazquezenekua, Bodega El Zamorano... "Ez dakit mila bat biztanleko herria izatera iritsiko ginen, baina pentsa zenbat taberna zeuden! Familia asko bizi ginen, orduan, ostalaritzatik", azaltzen du Aretxagak.

Gogoan dute garagardoa Leon markakoa izaten zela, eta Bergaratik ekartzen zutela. "Ardoa, berriz, hasieran Gasteiztik ekartzen genuen, Diaz Hermanos etxetik. Gero, Bergaratik", dio Aretxagak. Banatzaileek herriko mutil koskorrekin izaten zituzten komeriak ditu gogoan Ugaldek: "Bi pertsona etortzen ziren banaketa egitera; izan ere, ezin zuten kamioia bakarrik utzi. Apur bat despistatuz gero, ume ginenok edariak lapurtzen genizkien kamioitik. Beste garai batzuk ziren!".

Orain baino errazio handiagoak izaten zirela uste du Aretxagak, eta jakiak ere bestelakoak zirela. "Gisatua, tripakiak, txerri- hankak... barruki asko izaten ziren. Ehiza ere bai. Txoriak ekartzen zizkiguten prestatzeko".

Itxiera herriko aguazilak

Itxiera herriko aguazilak ematen zuen. "Kanturako zaletasun handia zegoen, eta 23:00etatik aurrera ezin zen abestu. Ordu horretan izaten zen aguazilaren lehen abisua, isiltzeko", dio Ugaldek. Gauerdian itzultzen zela azaltzen du Aretxagak, irribarrez. "Txalo jotzen zuen ixteko agindua emateko, eta esan beharra dago batzuetan kosta egiten zitzaiola txaloak jotzea, bera ere nahiko beteta etortzen zelako".

Makina bat lan sukaldeetan

Makina bat lan egindako ostalariak dituzte biek gogoan, emakumeak asko. "Guria tabernak lau bat mahai izango zituen. Oso txikia zen. Sukaldea ere eskailerapean zeukan", dio Aretxagak. "Zenbat lan egin ote du hor Olivak!". Martintxo erreferentziazko ostatua zen herrian. "Handiena izango zen, taberna eta denda zituen". Ulazia ahizpek eramaten zuten. "Sukaldari oso onak ziren eta neska asko etortzen ziren bertara sukaldean ikastera. Athletic taldeko jokalariak, Kas taldeko ziklistak, udatiarrak, ezkontzak... denetik egoten zen hor", gogoratzen dute biek. "Izeba Nati, Zeletaneko Hilari eta Martintxoneko Maria hirurak ziren sukaldariak, eta hirurak onak. Lagun min-minak ziren, gainera. Izebak esaten zuen onena Martintxoneko Maria zela, eta hura baino hobea Hilari. Pentsa!", dio Aretxagak.

Ostatuk harategia eta jatetxea zituen hasieran."Panaderokuan ere oso ondo ematen zuten jaten. Makina bat lan egin dute hor ere!".

Beste estilo batekoak ziren Lupiren bodega eta Torrealdean zegoen Bodega El Zamorano. Erdal hiztunak elkartzen ziren gehiago eta olibak, tipulak, antxoak, pepinoak, sardinak... ematen zituzten. "Zamoratik tinetan ekarritako ardoa izaten zuten. Hor edan genituen guk lehenengo Fanta laranjak eta halakoak", dio Ugaldek. "Gogoan dut gaseosa ere izaten zutela".

Negozio bat baino gehiagoko establezimenduak izaten ziren asko. Mantunekua, esaterako, taberna koxkorra eta janari denda txikia zen. "Vazquezenekua oso berezia zen. Ardoa, erremintak, fruta, pilak, saguendako tranpak... Zer ez zegoen hor zintzilik! Eta dena garbi- garbi, beti", dio Aretxagak. "Jaten eta edaten ere ematen zuten", gogoratzen du Ugaldek.

Pasoko lekua

Pasoko lekua zen Elgeta, eta Bergarako eta, batez ere, Eibarko bezero asko izaten ziren. Ostatu atarian ateratako argazkia da azpikoa, 1967ko uztailekoa. Faustino eta Juan Andres Aretxaga agertzen dira bertan bezero birekin, Ostatu atarian.

 

Kanturako zaletasuna

Otordu baten ostean kantuan egiten zen, orduan. Gitarra-jolearen laguntzarekin dihardute beheko argazkian Alkortak, Gallastegik, Juaristik, Agirreazaldegik, Basaurik eta Vazquezek, 1968ko martxoan. Gezurtiak kuadrillako kideak, denak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak