'Agorrosin' auziak epaitegian jarraitzen du ebazpen baten zain

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko uzt. 9a, 18:30
Agorrosin, Bergaran.

Elgetako udalbatzak asteon berretsi du Bergarako 2020ko ordenantza fiskalen kontra ere egitea.

Agorrosin erabiltzeagatik elgetarrek bergararrek baino gehiago ordaintzea justua ez dela iritzita Bergarako Udalaren 2019ko ordenantza fiskalen kontrako errekurtsoa aurkeztu zuen, bere egunean, Elgetako Udalak. Auzi horrek ebazpen baten zain jarraitzen du, baina 2020ko ordenantza fiskalak ere onartu ziren, eta, aldaketarik ez zegoela ikusita, errekurtso bera luzatu zuen Elgetako Udalak.

Martitzenean egindako urgentziazko osoko bilkura telematikoan berretsi zuen erabaki hori Elgetako udalbatzak.

Bozketa egin aurretik eman zituen azalpen juridikoak udal idazkari Gotzon Goikoetxeak. "Antzuolako Udalarekin batera 2019ko Bergarako ordenantza fiskalen 'k' epigrafea errekurritu zuen bere garaian Elgetako Udalak. Denbora pasa da eta 2020ko ordenantza fiskalak ere iritsi dira. Ordenantza fiskal horietan Bergarako Udalak ez zuen ezer aldatzen eta orduan gure abokatuak erabaki zuen 2019an epaitegian sartutako errekurtsoa luzatzea 2020ko ordenantza fiskalei dagokienez. Luzapen eskaera hori onartu egin zuen epaileak, eta Bergarako Udalak, orduan, birjarpen errekurtso edo helegite bat aurkeztu zuen. Mamian baino gehiago forman sartzen zen argudiatuz Elgetako Udalak ez duela eskubiderik luzapen hori eskatzeko 2019ko eta 2020ko ordenantza fiskalak egitate ezberdinak direlako, eta gainera Elgetako Udalak ez duelako borondaterik erakutsi 2020ko ordenantza fiskalen aurka joateko. Epaileak atzera bota du birjarpen helegitea eta luzapenerako eskubidea badagoela dio, baina hamar eguneko epea ematen die bai Antzuolako bai Elgetako Udaletako udalbatzei Bergarako 2020ko ordenantza fiskalak errekurritzeko borondatea erakusteko".

EH Bilduko bost udal ordezkarik hartu zuten parte batzarrean eta aho batez hartu zuten erabakia.

2010etik errepikatzen datorren egoera

Auzia atzetik dator, eta Agorrosin erabiltzeagatik elgetarrek bergararrek moduan ordaintzea eskatzen du Elgetako Udalak. Hain zuzen ere, 2018ko azaroan eta Antzuolako alkate Beñardo Kortabarriarekin batera erreklamazioa jarri zuen Iraitz Lazkano alkateak Bergarako udaletxean.

Agintaldi ezberdinetan hainbat negoziazio izan dira, baina kontuak argibiderik gabe jarraitzen du. 2005ean Bergarako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sinatuta akordio bat aipatzen dute Elgetako eta Antzuolako Udalek eskaera argudiatzeko. "Hitzarmen horren arabera Bergarako Udalari ematen zitzaion 2.100.000 euroko diru-laguntza bat eta kopuru horretan zegoen Antzuolari eta Elgetari zegokion parte bat ze ulertzen zen instalazio horiek ez zirela bakarrik Bergararako baizik eta Elgeta eta Antzuola ere hartzen zituen esparru handiago baterako", azaltzen zuen bere egunean Kortabarriak.

Auziak epaitegian jarraitzen du, hortaz.

 

Martitzenean telematikoki egindako osoko bilkura.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak