Rebeka Ubera eta Lore Martinez Elgetan izan ziren atzo eta esan zuten EH Bilduk aldaketak ekarriko dituela

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko uzt. 7a, 08:49

Lore Martinez eta Rebeka Ubera, atzo, Elgetan.

EAEko hainbat sektore garrantzitsu gainbehera datozela uste dute EH Bilduko bi ordezkariek. "Industrian, ikerketan, hezkuntza… pisua galtzen ari gara azken urteetan. EAJk formula zaharrak ditu, eta atzean gelditzen ari gara. Gauza bat da zer saltzen diguten eta beste bat da zer egiten duten (…) Krisialdi honetan gobernu hau Sanchezen atzean ezkutatu da, baina kudeaketa hemendik egin da".

"COVID-19aren osasun krisiaren aurretik ere ez geunden ondo. Mito asko daude EAJren kudeaketa ona dela-eta, baina datuek kontrakoa esaten dute", hasi zuen agerraldia Lore Martinez aretxabaletarrak. Azaldu zuen Save The Children erakundearen txosten baten arabera EAEn 142.000 familia bizi direla pobrezia egoeran. "Bestetik, datuek diote euskal industriak atzera egin duela zortzi urteotan; 24,5 puntutik 24,1 puntura. Ikerkuntzako parametroek ere behera egin dute, eta berrikuntza atalean bigarren kategoriatik hirugarrenera jaitsi gara".

Pandemia egoeran egindako kudeaketarekin lotuta nabarmendu zituen osasungintzako langileen "lan baldintza tamalgarriak", eta ondoren etorri diren murrizketak. "Hezkuntzan ez da elkarlanik egon, ez sindikatuekin ez guraso elkarteekin..., eta hemen ere murrizketak egon dira".

Ustelkeria kasuak, iraultza digitalaren sasoian Euskaltel saldu izana edota administrazio autonomikoa euskalduntzeko gaitasun eza ere nabarmendu zituen. "40 urte daramate horretan eta ez dute oraindik lortu". Ingurumenarekin lotuta errauskailuaren eraikuntza, Zaldibarko hondamendia edota sektoreko pribatizazioak azpimarratu zituen.

Krisialdian egindako kudeaketa

Rebeka Uberak hartu zuen ondoren hitza eta esan zuen uztailaren 12ko hauteskundeetan bi eredu daudela jokoan. "Eta alde handiak daude bien artean. Bada mito bat: EAJk kudeaketa ona egiten duela eta akordioak egiten dituela. Ba nik diot COVID-19 egoeran egindako kudeaketa txarra izan dela, eta adibideak jarriko ditut. Krisialdi honetan oso agerian gelditu da normalean ezkutatuta gelditzen dena: herri hau langileriak ateratzen duela aurrera. Zientzialariek, Osakidetzako langileek, denda txikietakoek, garraiolariek… Eta krisi egoeratan gertatzen den moduan agerian gelditu dira baita ere sistemaren akatsak: Osakidetzan dagoen prekarietatea eta behin behinekotasun handia, esaterako".

Uberaren ustez krisialdi honetan Urkulluk saihestu egin du erabaki gogorrak hartzea. "Horiek Sanchezi utzi dizkio. Martxoaren 13an deitu zen osasun larrialdia. Urkulluk erabakirik hartu zuen? Gure herrietan tabernariek, sagardogileek, udalek… hartu zituzten erabakiak, baina Urkulluk ez. Konfinamendua Sanchezek erabaki zuen. Urkullu irten da bakarrik albiste onak ematera: irekiko da hau, egingo da bestea… baina ziur zekienean Sanchez egun gutxira irtengo zela horiek iragartzera". 

Bi eredu jokoan

"Argi dago herri honetan zein den gobernantza eredua. Nik dio ez dela gobernu bat, agintariak direla. Gobernu batek erabakiak hartzen ditu, baita ere une zailetan eta gogorretan", azaldu zuen Uberak. "Bi eredu daude hemen jokoan: denon interesak defendatzea edo gutxiengo baten irabaziak, agintariak edukitzea edo gobernu bat. Demokratikoki ez da sanoa 40 urtean alderdi berdina agintean egotea. EH Bildu 40 urtean egotea ere ez zen demokratikoki sanoa izango. Uste dut badela momentua EAJ agintetik kentzeko. Eta gero kolorea. Ikusi besterik ez dago Urkulluren eta Iriarteren arteko aldea".

Lore Martinezek gaineratu zuen EH Bilduk baduela alternatiba bat: Maddalen Iriarte. "Emakume bat herri honi amesteko aukera emango diona. 180 graduko norabide aldaketa emateko eredua daukana. Asko dago jokoan, eta ezin dugu horrela jarraitu. Lehentasunak beste batzuk izan behar dira. Lehentasunak pertsonetan eta ingurumenean egon behar dira, eta gainerako guztia horren inguruan eraiki behar da. Politika soberanistak eta ezkerrekoak behar ditugu eta EAJ-PSOE tamdenarekin ez dugu izango".

Mobilizaziorako dei egin zuten Martinezek eta Uberak. "Domekan, botoa ematera joan behar dugu denok".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak