Hiruhileko bat baino gehiago etxean igaro ostean, aurtengo ikasturteari amaiera eman dio eskolak, agurra Meet aplikazioa erabilita egin badute ere. Libe Iñurrigarro eskolako zuzendariak adierazi duenez, eskolaren nahia ikasturtea beste modu batera amaitzea zen, baina osasun krisiak ez du hori ahalbidetu. Horrekin batera, Iñurrigarrok esan du ikasle guztien familiei eskertza ohar bana bidali zaiela egoera honetan egin duten "ahalegina" eta seme-alaben ikasketa prozesuaren jarraipenean hartutako "konpromisoa" eskertzeko asmoz. Mezuan aipatzen da, baita ere, uda ostean eskolak ikasgela fisikoetara itzultzea espero duela.
Irailaren 7a
Iñurrigarrok jakinarazi duenez, datorren ikasturtean 127 ikasle arituko dira eskolan: "Kurtso hasierako ebazpena eta protokolo bat jaso dugu Hezkuntza Sailetik, non hiru agertoki aukera proposatzen diren. Guk kurtsoa hasteko data irailaren 7an ezarri dugu eta hala jakinarazi diegu 127 ikasleen gurasoei, baina ez dakigu zein egoeratan egongo garen. Dagoeneko irailerako prestakuntza lanetan hasi gara, baina udan koronabirusaren eragina nolakoa den ere ikusi beharko dugu".
Bilera Guraso Elkartearekin
Guraso elkarteak asteon izan du bilera eskolako zuzendaritzarekin eta Ainara Iribar elkarteko kideak adierazi du bileraren hasierako gaia ikasturte amaiera izan bada ere, fokua datorren ikasturtean jarri dutela. Hala, eskolak Hezkuntza Sailak proposatutako hiru agertokien xehetasunak eman ditu aditzera, eta, Iribarrek aitortu bezala, eskola lehen agertokiko baldintzak beteko direlakoan dago; ikasleak klase presentzialak jasotzeko moduan egongo direlakoan, alegia. Espazioari dagokionez, Guraso Elkarteko kideak azaldu du hori ez dela arazo izango: "Eskolako eraikina nahiko handia da eta geletan ikasleen arteko metro eta erdiko distantzia bermatzeko ez da arazorik egongo". Horren harira, eskolak dagoeneko aurreratu ahal izan die Guraso Elkarteko kideei zeintzuk izango diren ikasturtea hastearekin batera hartu beharreko neurriak: ikasleen sarrera mailaka egitea, Haur Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetakoek maskara ez erabiltzea –hirugarren mailatik aurrera maskara eraman beharko dute–, jolastorduak txandatan egitea eta ikasgeletan metro eta erdiko distantzia mantentzea. Bigarren agertokia ere hizpide izan da bileran, Iribarrek azaldu duenez: "Agertoki hau ez da hain positiboa. Batzuek klase presentzialak izango lituzkete eta beste batzuk etxetik arituko lirateke, nahiz eta eskolak aukera hau baztertu egin duen, momentuz".
Jangelaren egoera
Iribarrek azaldutakoaren arabera, Hezkuntza Sailak eskolari proposatutako hiru agertokiez gain, ez du jangelari buruzko inongo proposamenik egin, eta horrek kezka eragin du Guraso Elkarteko kideen artean: "Ez dakigu jangelarekiko zer erabaki hartuko diren, protokoloetan eta proposamenetan ez delako gai horri buruzko ezer aipatzen. Gure kasuan, metro eta erdiko distantzia mantendu beharko balitz, esate baterako, arazoak izango genituzke".
Eskolaz kanpoko jarduerak
Iribarrek adierazi duenez, ingeleseko klaseak urrian hasiko lirateke: "Akademiatik adierazi digute saiakera egingo dutela". Taldeko gutxienez zazpi ikaslek egon behar dute, eta gurasoei irailean emango zaie jarduera honi buruzko informazioa.