Egoera arruntean, atzo emango zitzaien hasiera Ferixa Nagusiko jaiei, baina koronabirusak eragindako egoerak ez du jairik ospatzea ahalbidetu, eta Udalak, gainera, ez du inolako ekitaldirik antolatu egun hauetarako. Iraitz Lazkano alkateak ohartarazi duenez, "elkar zaintzeko momentua da". Kontuak kontu, Goienak Ferixa Nagusien inguruko saio berezia eskaini zuen atzo, non jaietan protagonista izaten diren hainbat pertsonaren bizipenak eta esperientziak ezagutu ahal izan ziren. Eta ohiko jaietako ohitura mantentzeko helburuarekin, Beñat Egidazu alkate txikia izan zen, eta honela zuzendu zitzaien herritarrei saioari hasiera emateko: "Umeen konfinamenduko jarrera oso ona izan da eta jaietarako aurreztutako diruarekin sorpresa bat jasotzea gustatuko litzaiguke".
Alkatea, ganaduzalea eta beste
Iraitz Lazkano alkatea eta Ane Bilbao zinegotzia aurtengo jaiak bertan behera uzteari buruz mintzatu ziren, besteak beste. Udalarentzat ez da erabaki erraza izan, eta, azken asteetan hainbat herritarren aldetik proposamenak jaso badituzte ere, lehentasuna osasuna dela berretsi zuten. Agustin Beretxinaga saioko beste protagonistetako bat izan zen, eta ganaduzale elgetarrak Ferixa Nagusiko azokaren inguruan hitz egin zuen. Horrez gain, ganaduzaleek gaur egun bizi duten egoera azaldu zuen; izan ere, Beretxinagaren esanetan, pandemia iritsi ezean, zaila zatekeen azoka antolatzea, horri ganaduen osasun legearen afera gehitu behar zaiolako. Jaietako ohiko ekintza izaten da herri bazkaria, eta bertan jaten den paella prestatzen aritzen den Emilio Quintanak ere tarte bat hartu zuen saioan parte hartzeko. Gauza bera egin zuen Sevillan bizi den baina aurtengo jaietako kartel lehiaketa irabazi duen Juan Antonio Aguilarrek.
Eskuz egindako produktuak
Elgetarrek jaiei eta herriko bitxikeriei buruz zenbat dakiten argi geratu zen atzoko saioan, herritarrak zirikatzen aritu zen-eta Aitor Agiriano. Horrekin batera, jaietako azokan produktuak saltzen dituzten artisau zein ekoizleek beraien esperientziaren berri hitz egiteko aukera izan zuten. Pili Arinek, adibidez, Elgetako azokan soilik saltzen ditu berak eskuz egindako produktuak. Aurten, gainera, amets-harrapakariak eginda zituen nobedade gisa, baina egoerak behartuta lagunartean eta familian banatu ditu. Juan Mari Arantzetak, berriz, eztia saltzeko postua jartzen du azokan, eta aurten faltan igarriko du, egun berezia izaten da eta.
Musika doinuak
Ferixa Nagusiko jaiei keinu egiteko, musikak ere izan zuen tokia. Ainhoa Sanchezek eta Aitor Sarasuak trikiti eta pandero doinuak eskaini zituzten eta Ustekabe txarangakoek ere jai ukitua eman zioten saioari.