Euskal Herriko hainbat herritan, Eibarren eta Elorrion, esate baterako, barikuari Kaskajuen Eguna esan ohi zaio, eta herritarrek euren askatasunaz gozatzeko aukera izaten dute; alegia, harrotasunez aritzeko eguna izaten da.
Elgetan, garai batean, ospatzen zen horrelakorik, eta gaur egun ere oraindik hainbat herritarrek mantentzen duten ohitura da, nahiz eta belaunaldi jakin batetik aurrerako herritarren ohitura izan. Juan Ramon Irazabal elgetarrak adierazitakoaren arabera, 1950 eta 1960. urte bitarteetan jaiotakoetan du jatorria egunak. Izan ere, hainbat herritarrek Elgetatik Eibarrera egiten zuten bidaia, Eibarko eskolara joateko, eta gazteen artean autobusean sortutakoa da ohitura.
Harrezkero, herriko hainbat kuadrillatako ohitura izan da barikuan Kaskajuen Eguna ospatzea. Irazabalek adierazi du, gainera, duela bizpahiru hamarkada eskatu ziola orduko jai batzordeak Peio Alberdi elgetarrari Kaskajua irudikatu zezan. Alberdik irudia sortu zuen, eta, harrezkero, Kaskajuaren irudia Elgetako jaietako zapiaren irudia da. Zapiaren kolorea urtero aldatzen bada ere, zapiko irudia mantendu egin da belaunaldiz belaunaldi.
Gaur egun, elgetar ugarik ezagutuko dute Kaskajuaren irudia, batean edo bestean ikusita ezaguna egingo zaielako, baina gutxi batzuek jakingo dute haren jatorria. Irazabalek aitortu duenez, Elgetan gutxi batzuek eusten diote barikuetan Kaskajuaren Eguna ospatzeari: "55 urtetik gorako hainbat herritarrek mantentzen dugu ohitura hori. Nik, esate baterako, barikuetan kalean topo egiten dudan herritar oro edota telefonoz hitz egiten dudan pertsona zoriontzen dut, Kaskajuaren Eguna gogora ekartzeko".
Ongietorria udalekuetan
Elgetako Ferixa Nagusiko jaiak eguen batean hasten dira urtero, eta, azken urteetan, udalekuetan aritzen diren gaztetxoek ongietorria egiten diote Kaskajuari eguerdian. Gaztetxoetako bat Kaskajoz mozorrotzen da eta jaiak berotzen hasten dira eguerditik.