Ozkarbi da bazkide gehien dituen elkartea herrian. Gazte txokoa ere badu, eta erretiratuen egoitza da. Elkartea zabaldu edo ez erabakitzea eta zabaltzekotan zein neurri hartuta ez da erraza izan. "Buelta asko eman dizkiogu kontuari. Kezka handiena garbitasuna eta desinfekzio lanak izan dira, eta horren inguruko arauak jartzea erabiltzaileei", adierazi du Ozkarbiko presidente Zuhaitz Uzuriagak.
Makina bat bilera egin dute indarrean dagoen arau esparrua aztertzeko. Emaitza izan da bost orriko arautegi bat non bazkideei erabilera irizpideak eta gomendioak ematen zaizkien. Posta elektronikoz eta postaz jaso dute egunotan. "Kartelak jarriko ditugu elkartean, baita ere gel hidroalkoholikoak, desinfektatzaile banagailuak, paperezko mahai-zapiak eta ezpain-zapiak, kafea hartzeko edalontzi organikoak... Segurtasun distantziak mantentzeko, mahai batzuk kendu egin ditugu, eta erreserbak Internet bidez egiteko aukera jarri dugu".
Egun bakoitzeko, gehienez, hiru eskari onartuko dituzte Ozkarbin, eta itxiera ordutegia ere ezarri dute: asteburuetan, jaiegunetan eta jai bezperetan 02:30 eta aste barruko egunetan, berriz, 01:00. Astelehenetan eta eguaztenetan elkartea ez da erabilgarri egongo; izan ere, ez dago garbitzailerik.
Barran, bestalde, pertsona bakarra egon daiteke eta sukaldean, gehienez ere, hiru lagun, eta maskarekin. Ez da ez egunkaririk, ez kartarik, ez mahai- futboleko makinarik egongo, eta derrigorrezkoa izango da sartzerakoan zein irteterakoan eskuak garbitzea eta erabilitako eremu eta gain guztiak ondo garbitzea, telebistako urrutiko agintea eta komuna barne.
Tazak, koilaratxoak eta plater txikiak erretiratu egin dituzte, eta erabili ostean errefusera botatzekoak diren edalontzi organikoak ipini dituzte. Zikindutako gainerako ontzi guztiak garbitzaileak garbituko ditu.
Gazte txokoko erabiltzaileek arau berak jarraitu beharko dituzte aurrerantzean.
Mendi Mendian ere neurriak
Hamazazpi bazkide dira, eta aste bukaera honetan zabalduko ditu ateak Salbador kaleko elkarteak. Jose Ignacio Manso da presidentea: "Ez gara asko, eta arau batzuk errespetatuz posible ikusten dugu elkartea berriz ere zabaltzea. Hori bai, bazkideei erantzukizunez jokatzeko eskatzen diegu; izan ere, gutxieneko arau horiek betetzen ez badira, berriz itxiko dugu elkartea".
Ezarritako protokoloak hainbat eskakizun egiten ditu, eta Mendi Mendian ere ipini dituzte gel hidroalkoholikoa, produktu desinfektatzaileak, botatzekoak diren mahai-zapiak eta ezpain-zapiak, eta abar. Erabilerari dagokionez, erabaki dute egun bat bazkide bat sistemarekin funtzionatzea. "Debako Itsasgain elkartean horrela dihardute, eta gure elkartearen ezaugarriak kontuan izanda sistema egokia iruditzen zaigu".
Hala, eguneko talde bakar bat sartu ahal izango da. "Lauko talde txiki bat bada ere, bakarrik egongo da elkartean. Solairu bakarra eta komun bakarra ditugu, eta pentsatu dugu eguneko bazkide batek erabiltzea elkartea. Iluntzean, garbitzaileak bere lana egingo du. Garbiketa eta desinfekzio sakonagoak egiteko eskatu diogu, eta, modu horretan, elkartea prest egongo da hurrengo egunean beste bazkide edo talde batek erabiltzeko". Taldeak, gehienez ere, hamar-hamabi lagunekoak izan ohi direla esan du Mansok.
Bazkideek elkartea erabili nahi dutela azaldu du, baina beldurra ere sumatu duela. "Neurri zorrotzak bete behar dira, eta isunak ere etor daitezke. Bazkideen artean kezka hori badago. Uste dut, ordea, guztiok errespetatzen baditugu arauak ez dela zertan arazorik egon. Guztiok jaso dugu erabilera baldintza berrien inguruko informazioa. Bete, eta ez da arazorik egongo!".
Intxorta, astelehenean zabalik
Intxorta elkarteko zuzendaritzak eguaztenean egindako batzarrean hartu zuen azken erabakia: astelehenean zabalduko dute. 80 bat erabiltzaile dira. "Egunean hiru zerbitzu emateko moduan gaudela pentsatzen dugu. Lau ere izan daitezke taldeetako batek kanpoko terraza erabiltzen badu", azaldu du zuzendaritzako kide Jose Inazio Ibarluzea Irei-k. Bi solairu dituzte Intxorta elkartean, eta, hogei laguneko kuadrillak elkartzen badira, taldeetako batek goiko solairuan egin beharko du otordua. "Sukaldean, gehienez ere, hiru lagun egongo dira. Hau da, kuadrilla bakoitzeko bat".
Intxortan ere buelta dezente eman dizkiote kontuari. Garbiketarako behar diren produktuak jarriko dituzte han ere."Ozkarbi elkartearekin harremanetan izan gara, denok ere antzera jokatzeko. Sozioek irekitzeko eskatzen dute, baina ondo begiratu behar dira gauzak".
Gure Borda, maiatza ezkero
Gure Borda maiatz amaiera ezkero dago erabilgarri. Asentzion dagoen elkartean ere baldintza bereziak jarri dituzte: aurrez erreserbatu behar da elkartea eta garbitasun eta distantzia neurriak errespetatu behar dira, beharrezkoa bada maskarak erabilita. "Eskuak garbitzeko xaboia eta botatzekoak diren mahai-zapiak eta ezpain-zapiak ipini ditugu", adierazi dute zuzendaritzatik. "Erabili ostean bazkideek lixibarekin garbitu behar dute dena".
Sozio gutxi dira, eta aire zabaleko eremua erabiltzen dute askotan. Asteotako erabileran ez dela arazorik egon adierazi dute arduradunek.