Entzuten ari gara kapar asko dagoela basoan. Botikara etorri da ohikoa baino jende gehiago kapar-ziztadengatik?
Jende asko dator, bai. Orain arte ez dut ezagutu horrenbeste jende horregatik etorri izana gurera.
Zergatik dago kapar gehiago?
Martxoa, apirila eta maiatza eguraldi epel eta onekoak izan dira. Horrek errazten du kapar gehiago agertzea. Bestetik, akaso, Osakidetzako protokoloak aldatu direlako eta medikuarengana arrazoi honegatik joaten hasi garelako, jende gehiago dator.
Zergatik da inportantea medikuarengana joatea?
Kaparrak ziztada egin duela jakinaraztea komeni da, norbere osasun-historialean gera dadin.
Arriskutsuak izan daitezke osasunarendako?
Izan daitezke, bai. Azkenean, kaparrak odola xurgatzen du. Beste animalia batzuen odola xurga dezake eta odol hori, gero, gizakioi pasa, horrek izan ditzakeen ondorioekin. Izan ere, gerora, beste gaixotasun edo konplikazio batzuk sor daitezke eta diagnostiko egokia egiteko komeni da medikuak jakitea zeure kaparra izan duzula.
Medikuarengana joatea komeni?
Edo hari jakinaraztea. Bestetik, mendira joaten garenean neurriak hartzea komeni da: belar luzeetan barrena ibiltzea saihestu, ibili behar bada praka luzeak erabili, moskitoak uxatzeko produktuak erabili… Eta basoan ibili ostean, gorputzeko atal guztiak ondo begiratu: besapeak, iztaiarteak… Eta dutxa hartu.
Zela tratatzen dituzue kapar-ziztadak?
Batzuetan, dutxa batekin nahikoa izaten da, baina, ondo itsatsita badago, orduak edo egunak odola xurgatzen badabil, ez da komeni norberak kentzea. Hobe medikuarengana joatea. Norberak erabat askatzea lortuz gero, antiseptikoa erabiltzea komeni da, eta ondoren, medikuari deitzea, tratamendu antibiotikoa jarri edo ez baloratzeko.
Koronabirusagatik, botika mota batzuk beste batzuk baino gehiago eskatzen ditu jendeak?
Bai; maskarak, eskularruak, termometroak, hidroalkoholak… Baita pizgarri naturalak edo babesak handitzeko sendabelarrak ere. Gainera, ohikoa baino jende gehiago etorri da, jeneralean botiketan inoiz ikusi bakoak.