Pandemia egoera dela-eta osasun eta segurtasun neurri bereziak hartu beharko dira, baina Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan mahai bakarreko hautesleku bakarra izango da Elgetan. Orain arte moduan, udaletxean egongo da kokatua. Horrela azaldu du Elgetako hauteslekua prestatzeko ardura izaten duen Juan Ramon Irazabalek. Berari ere horrela baieztatu diote. "Osasun neurri bereziak hartu beharko dira, eta jarraibideak aztertzen ari gara orain", azaldu du.
Osasun jarraibideak
Hartu beharreko neurrien artean aurreikusten dira segurtasun tarteak uztea, horretarako lurrean markak egitea, maskara erabiltzea, sarreran gel hidroalkoholikoa jartzea, eskuak sarri garbitzea zein erabilera handiko guneak sarri desinfektatzea. Hauteskunde-mahaia osatzen dutenen arteko segurtasun-tartea ere zaindu beharko da.
Posta bidezko botoa ere eska daiteke. EINren formularioa bete eta posta-bulegora eraman behar da uztailaren 2a baino lehen. Bertan ere bete daiteke.