Elgetako Udalak erabaki du frontoia eta squash kantxa, atzera ere, erabilgarri ipintzea. COVID-19arekin lotutako pandemia egoera zela-eta itxi ziren azpiegitura biak martxoan eta hurrengo astelehenean egongo dira, berriz ere, erabilgarri.
Erabilera arauak, ordea, egoerara egokituak izango dira. Erreserbak, esaterako, Bolatoki tabernan egin beharko dira, eta tabernatik sartu beharko da bai squash kantxara bai frontoira.
Ordubeteko txandak
Ordubetez erabili ahalko dira instalazio biak, eta gehienez ere lau lagunek batera. Erabilera ere mugatua izango da; izan ere, frontoiko kiroletarako eta squasherako soilik egongo dira erabilgarri.
Erreserbaren prezioa ohikoa izango da. Frontoia 8 euro orduko argi barik eta 16 euro orduko argiarekin. Squash kantxa, berriz, 4,50 euro orduko.
Aldagelak, sauna eta gimnasioa ez dira erabilgarri egongo.