Orain arteko Ferixa Nagusiko jaiak ez dira, aurten, posible izango

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko eka. 6a, 09:00

Neska-mutikoen dantza saioa iazko Ferixa Nagusiko jaietan.

Egoera normalean, jaiak prestatzen hasteko egunak lirateke honako hauek. Argi dago, ordea, guztiz ezohiko jaiak izango direla Elgetan ere. Udalak bertan behera utzi du jai egitaraua. Erabakiak ez du herrian sorpresa handirik eragin.

Lau aste gelditzen dira jaien hasiera eguna beharko lukeen uztailaren 2rako, baina oso bestelakoak izango dira jaiak aurten. Jai batzordearen erabakiak inor gutxi harrapatu du ezustean.

Aurreko aste bukaeran izan ziren Bergarako Pentekoste jaiak. Kasu honetan ere, eta segurtasun kontuak tarteko, Bergarako Udalak ekintzarik ez antolatzea erabaki zuen. Eguraldia lagun izan zuten Pazkoek, eta bergarar askok egindako aukera izan zen herriko terrazetan eta jatetxeetan zein inguruko naturguneetan elkartzea. Asentzion ere suma-tu zen ohikoa baino auto eta autokarabana pilaketa handiagoa; tartean, Bergaratik etorritako bat baino gehiago.

Aste bukaeran, baita ere, bertso saioa egin zuten Antzuolan. Bertsolariak udaletxeko balkoian eta ikusleak plazan musukoekin eta distantziak mantenduz nor bere aulkian eserita egin zuten. Zaila da aurreratzea Ferixa Nagusiko jaiei dagokien egunetan zer gertatuko den.

Elgetako ostalariak ere ez dira horretan pentsatzen hasi. "Ez gara elkartu, eta ez dugu oraingoz ezer landu", azaldu du Rincon de Lola tabernako Maria Cobosek. "Nik alkatearen dei bat jaso nuen jaiak bertan behera gelditzen zirela esateko, eta albisteak ez ninduen ezustean harrapatu. Mentalizatuta nengoen. Bizi dugun egoera zein den ikusita argi neukan jaiak ez zirela ospatu behar. Egoera aldatu daiteke, baina gaur-gaurkoz ez dakigu zein izango den, eta oraingoz, ez dugu ezer landu".

Azokarik ez aurten

Ganadu azoka antolatzen duen Agustin Beretxinaga prestaketa lanetan hasi gabe zegoen. "Nahiko argi ikusten genuen aurten ez dela azoka egiterik izango. Dena dago geldirik". Azaldu du alarma egoera indarrean denetik ezin dela ganadu azokarik egin, ez EAEn ez Estatu mailan.

Abeltzainei ondorio larririk ekarriko dien galdetuta, hauxe esan du: "Elgetakoa erakusketa feria bat da, ez salmenta feria bat. Badaude feria handiagoak, eta ez dira egingo". Beretxinagak Asturias eta Kantabria ditu bereziki buruan.

Ganadu azoka zalantzan, bestela ere

Elgetako ganadu azokaren etorkizuna ez dago batere argi. COVID-19arekin lotutako neurri bereziak etorri aurretik ere zalantzan zegoen 2020koa egiterik izango zen edo ez. "Ikusteko dago hemendik aurrera jarraipenik izango duen ere", esan du Agustin Beretxinagak. Azaldu duenez, osasun arautegi berria jarri du Aldundiak, eta uztailaren 2an da indarrean sartzekoa. "Beti egon dira bete beharreko osasun neurri batzuk. Animaliei, esaterako, bi analisi egiten zitzaizkien –tuberculina eta brucelosis–. Orain, zazpi bat egin beharko zaizkie".

Azokei ere osasun-kalifikazio bat ezarriko zaiela azaldu du, eta animalia guztiek ezingo dutela denetan parte hartu. Kontu horiek guztiak argitzeko Diputazioan bilera eskatuta zutela esan du elgetarrak: "Baina alarma egoera etorri zen, eta ez dugu egiterik izan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak