Leku seinalatua da Asentzio elgetar askorendako, eta adin batetik aurrerakoek nostalgiaz gogoratzen dituzte Asentzio Egunarekin putzu inguruan egindako erromeriak eta askotariko festa egitarauak. Aurten, ezin izan da inolako ospakizunik egin, baina eguraldiak lagunduta jende asko erakarri du Asentziok konfinamendu asteotan; izan ere, paraje ederra da.
Antzinako erromeriak
Maiatzarekin izaten da Asentzio Eguna, eta bolada batzuetan indar handiagoarekin eta beste batzuetan indar txikiagoarekin, baina ia beti ospatu da Elgetan. 50eko hamarkadan bizi izan zuen Asentzio Egunak loraldietako bat. "Orduan, erromeria asko egiten ziren inguru guztian", azaltzen du Ostatu tabernako Arantxa Aretxagak. "Ni ume kozkorra nintzen, baina gogoan dut nola jartzen genuen taberna Asentzion. Aitak eta Candido Bolinagak jartzen zuten, ohol handi batzuekin eta arramekin atonduta. Iturria bazegoen. Gainerako guztia gurdiarekin igotzen genuen. Goizean goiz gurdia goraino bete, eta Asentziora! Sua ere jartzen genuen. Ama aritzen zen sukaldari lanetan, eta Albistegitik ere etortzen zen bateren bat laguntzera. Sekulako erromeria izaten zen Asentzion".
Aretxagak gogoan du jendea bazkariarekin joaten zela egun pasa. "Pagopea jendez betetzen zen. Familia osoak elkartzen ziren; senar-emazteak eta zazpi, zortzi edo bederatzi seme-alaba. Askok lekua hartuta izaten zu- ten, gainera".
Orduan, ez zegoen mahairik Asentzion. Lurrean eserita bazkaltzen zuten. "Barran txorizo egosia, tortilla, salda eta halakoak ematen genituen. Ermitaren alde batean barra egoten zen eta bestean erromeria egiten zen. Uste dut meza 10:00 aldera esaten zela, eta ordurako prest izaten genuen salda".
Erromeria, iluntzera arte
Erromeria bazkalostean hasten zen, eta 20:00ak edo 21:00ak arte irauten zuen. Gehienetan, Gelatxo soinu-joleak eta Eguren sa- xofoi-joleak egiten zuten. "Bateria Elektriko esaten zioten mutil batek jotzen zuen", gogoratzen du Manu Sarasua elgetarrak. "Jende asko elkartzen zen Asentzion: Elgetakoak, Angiozarkoak eta Bergarakoak ere bai. Orduan, ez zen besterik egoten!".
Kanpanzarren, Altuben eta San Romanen ere erromeria handiak egiten zirela du gogoan Aretxagak. "Gehienak desagertuta daude; izan ere, beste garai batzuk ziren!".
Dantzariek, borondatea
Gastuak ordaintzen laguntzeko borondatea eskatzen zen. "Dantzaldi eta erromeria gehienetan izaten zen horrela", azaltzen du Ramon Ugaldek. "Dantzan ari zinela banderatxodun orratz bat jartzen zizuten paparrean. Hura izaten zen seinalea. Gizonezkoei jartzen zitzaien, emakumezkoei ez". Eta dantzan ibilitakoei borondatea eskatzen zitzaien. "Musikoak ordaintzeko izaten zen dirua", dio Ugaldek.
"Dantzan egiteko eskatu egiten zen. Mutilak eskatzen zuen: 'Dantzan eingou?'. Eta neskak erantzuten zuen baietz edo ezetz. Ze denborak, ene!", gogoratzen du irribarre batekin Aretxagak.
Geroko Asentzio Egunak
Denborarekin, Asentzioko erromeria indarra galtzen joan zen, eta 1995an berreskuratu zuen Elgetako Gazte Asanbladak. Bigarren loraldia izan zen. Sasoi hura ere pasa zen, eta gaur egun formatu txikiagoan ospatzen da Asentzio Eguna.

