Itxialdia luze doa, eta, baldintza gogorrekin bada ere, negozioek zabaltzeko aukera izan dute aste honetan. Tabernari gehienek neurrien leunketari itxarotea erabaki dute, baina Patxi tabernako Iñaki Gorostizak, ordea, astelehenean ireki zuen negozioa. Egun, pozik dago lortutako erantzunarekin. "Momentuz, ederto doa dena. Jendea gogoz dator tabernara eta pixkanaka diru-sarrerak handitzen doaz. Ezin ginen denbora askoz gehiago geldirik egon", esan du Gorostizak. Modu berean, pixkanaka neurrietara ohitzen ari direla azaldu du. "Lehen egunak zailak izan ziren; izan ere, ez gaude ohituta neurri hauetara. Hala ere, pixkanaka martxa hartu dugu". Bestalde, bitxikeriaren bat ere egon dela adierazi du Gorostizak. "Makinako kafe gose handia egon da, ez nuen espero hainbesteko kaferik salduko nuenik". Pozik dago, baina kontzientziazio mezu bat bidali nahi die herritarrei. "Herritar batzuk erlaxatu egin dira, baina ez dugu ahaztu behar egoera larria du-gula oraindik. Distantzia zein higiene neurriak mantentzea oso garrantzitsua da. Joka dezagun zentzuz eta kontzientziaz", dio Gorostizak.
Hurrengo fasera arte, itxita
Gainerakoek itxita izan dituzte tabernak, beste aste batez. Hai-zeak, Bolatokiak eta Maialdek itxita jarraitu dute eta azken momentuan Rincon de Lola taberna ere gehitu zaie. "Hasieran, zabaltzekotan egon nintzen, baina neurri zorrotzak ikusita ez du merezi. Atzerapausoa ema-tea erabaki dut", azaldu du Rincon de Lolako Maria Cobosek.