Udalak asteon aurkeztu du 2019ko likidazioa. Gastuen betetze maila %96,31 da. "Azken hogei ur- teotako handiena", esan du Iraitz Lazkano alkateak. Sarreren betetze maila %89,41 da. "Espe- ro genuena baino gehiago batu dugu. Aurreko urteko gerakina kontuan hartzen ez bada, aurreikusitakoa baino %2,98 gehiago batu dugu".
Emaitza "oso onak" direla esan du Lazkanok, baina kezkatuta dago etorkizunak ekar dezakeenarekin. "Gauza bat da kontu ekonomikoak zorrotz eta zuzen eramatea, eta horretan gabiltza, baina horrek ez du kentzen El- getako Udalaren egoera ekonomikoa oso prekarioa ez denik. Oraindik ere ordaintzeko dauden kalte-ordainek dezente baldintzatzen dute aurrekontua. Iaz amaitu genuen bat ordaintzen, eta espero genuen aurten diru gehiago edukitzea, baina ez da kasua izango".
Krisialdi berri bat
Zalantzarik ez dago koronabirusak eragindako krisialdiak ondorio ekonomikoak ekarriko dituela, eta zaila da zenbatekoak izango diren zehaztea. "Ez dago datu zehatzik, baina lehenengo aurreikuspenak iritsi dira", esan du alkateak. Diputazioak egindako estimazioa da foru fondotik %20-25 gutxiago helduko dela. "Elgetaren kasuan, 200.000 euro gutxiago dira (...) Lehenagotik aurrekontu oso estua genuen, eta askoz ere gehiago estutu beharko dugu. Neurri batean, eskerrak 2019ko aurrekontuko gerakina dugun. Aukera emango digu planifikatutako gauza batzuk egin ahal izateko". Hala eta guztiz ere, Lazkanok oso argi du ezingo direla urte honetarako aurreikusitako egitasmo guztiak gauzatu. "2020a justu-justuan bizirauteko urtea izango da. Diru sarreretan egongo den murrizketa itzela izatea aurreikusten dugu, eta ez dugu zerbitzuetan murrizketarik egingo. Hori argi daukagu. Beraz, bestelako diru-lerroetan estutu beharko dugu".
Diru-laguntza gutxiago
Diru-laguntza lerro batzuk ere bertan behera geldituko direla aurreikusten da. "Batzuk bertan behera gelditu dira dagoeneko", jakinarazi du alkateak. "Esaterako, landa-bideendako diru-laguntza lerroa. Espero genuen aurten 15.000 euroko inbertsioa egitea eta 5.000 euroko diru-laguntza jasotzea. Bada, ziurra da dagoeneko 5.000 euro gutxiago jasoko ditugula; izan ere, diru-lerro hori bertan behera gelditu da. Aurreikusten ditugun diru-laguntza guztiekin berdina gertatzen bada, dena dago arriskuan", ohartarazten du alkateak.
Aurrekontua berriz aztertzen
2020rako aurreikusita dauden zein inbertsio egingo diren eta zeintzuk ez aztertzeko dago oraindik. "Inbertsioetako batzuk diru-laguntzetara lotuta daude, eta ez dakigu egongo diren edo ez. Horrek ia foru fondoak beste baldintzatzen du aurrekontua. Eta jasotzen ditugun mezuak dira kultura ekitaldiak mantendu egin behar direla, lehen sektoreari zuzendutako lerroak mantendu egin behar dira... Dena mantendu behar da, baina helduko da %20 gutxiago".
Zorpetzeko asmorik ez
Udal Gobernuak ez du gehiago zorpetzea aurreikusten. "Udala ezin da zorpetu ez bada inbertsio bat egiteko, eta une honetan dagoen ezjakintasun egoeran nekeza ikusten dut halako zerbait egitea", dio Lazkanok. Gaur egun, zor bizia –Udalak banketxeekin duen zorra– udal aurrekontuaren %29,72 da. Datu horretatik kanpo gelditzen dira ordaintzeko dauden kalte-ordainak. "Bagoaz ordaintzen, baina 656.235,91 euro da kontzeptu horiengatik oraindik ere ordaintzeko duguna".