Tabernarien artean zalantza handiak astelehenetik aurrera zabaldu edo ez erabakitzeko

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko mai. 8a, 09:48

Rincon de Lola taberna itxita asteon.

Azken orduko iritzi aldaketarik ez badago gehienek itxita jarraituko dute; Patxi tabernak eta Rincon de Lolak, ordea, astelehen goizean zabalduko dute

Itxialdia luze doa, eta, baldintza gogorrekin bada ere, negozioak zabaltzeko aukera badago. Tabernari gehienek, ordea, irizpide argiagoak eskatzen dituzte. "Zer gertatuko da autonomoen kuotekin? Zabaltzeak ekar dezake diru-laguntzak galtzea? Zabaldu ostean berriz itxi behar badugu, zer gertatuko da?". Erabakiak egun batetik bestera aldatzen direla salatzen dute, eta inprobisazioa handia dela.

Elgetako tabernariek buelta asko eman dizkiote kontuari. Bezero batzuek zabaltzeko eskatzen dute, baina arlo ekonomikoarekin kezkatuta daude. Patxi tabernako Iñaki Gorostizak eta Rincon de Lola tabernako Maria Cobosek astelehenean zabaltzea erabaki dute, azkenean. "07:00etan irekiko dut. Lanera joan aurretik kafea hartzen duten bezeroak ditut, eta zerbitzu hori ematea erabaki dut. Ez dut langilerik eta etxean periodikoa irakurtzen egotea baino nahiago dut zerbitzua eman", esan du Iñaki Gorostizak.

Maria Cobok, berriz, aproba egiteko zabalduko du. "Leihotik emango dut zerbitzua, eta nik bakarrik. Hasiera batean, 09:00etatik 13:00etara zabalduko dut. Ikusiko dugu ze mugimendu dagoen eta eguraldiak laguntzen duen. Galerak izango ditut, baina etxean buruari bueltak ematea baino nahiago dut zerbait egin".

Gainerakoak, itxita

Azken orduko iritzi aldaketarik ez badago, Haizeak, Bolatokiak eta Maialdek itxita jarraituko dute. "Mila buelta eman dizkiogu kontuari, baina ez dugu ikusten", adierazi du Haizeako Bittor Gallastegik. "Arlo ekonomikoa dago, baina baita ere osasunarekin lotutako gure erantzukizuna. Jendeak errespetatuko ditu ezarritako baldintzak? Zaila ikusten dugu guk hori kontrolatzea". Terrazetan, oraingoz, bi metroko distantzia errespetatu behar da, eta baldintzarik ez dagoela uste du.

Iritzi berekoa da Bolatoki tabernako Mari Carmen Salas: "Jendeak ulertzea espero dut. Langileak aldi baterako lan erregulazioan dauzkat, eta kalkulatzen dut hirugarren fasera arte ezingo dudala ganoraz lan egiteko moduan zabaldu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak