Aurrez txanda hartuta gaur hasi dira zerbitzua ematen bai ile-apaindegian bai masajistarenean

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko mai. 4a, 19:48

San Roke kalea, gaur arratsaldean.

Saltoki txikiek gaurtik zabal zitzaketen ateak, aurretik hitzordua emanda bezeroei. Eta horrela egin dute Elgetako Ilea ile-apaindegian eta Saioa Masajeak zerbitzuan. Tabernek eta jatetxeek itxita jarraitzen dute.

Gaur jarri da abian konfinamendua arintzeko prestaketa fasea, eta positibo berrien kopuruak ez badu okerrera egiten, maiatzaren 11n lehenengo fasea jarriko da martxan. Baldintza zorrotzekin, baina saltoki txikiek gaurtik izan dute ateak zabaltzeko aukera.

"Gaur zabaldu dut berriz", adierazi du konfinamendua hasi zenetik ile-apaindegia itxita eduki duen Mari Jose Salas ile-apaintzaileak. Ile-apaindegi bakarra dago Elgetan. "Oraingoz, bakarrik nago ile-apaindegian zerbitzua ematen, eta banaka artatzen ditut bezeroak. Musukoak, eskularruak, tresnak esterilizatzeko makina, desinfektatzeko produktuak... Neurri guztiak hartuta!", azaltzen du. Goizez ile-apaindegian ematen du zerbitzua aurrez txanda hartu duten bezeroei. "Jo eta jo egon da gaur telefonoa. Hurrengo asteko erdi alderako ari naiz txandak ematen". Arratsaldez, arrisku handikoak direlako etxetik irten ezinda dauden bezeroak artatzen ditu etxez etxe.

Konfinamenduak eragindako itxialdia kolpe latza izan dela azaldu du. "Bilbon hartu berria nuen ile-apaindegia utzi egin behar izan dut, eta Elgetara itzuli naiz. Oraingoz bakarrik ari naiz lanean, eta aldi baterako lan-erregulazioan dauzkat bi langile. Ea martitzenean bi egon gaitezkeen, eta berandu baino lehen hirurak". 

Masajeak ere martxan

Masajista ere bakarra dago Elgetan. Saioa Arantzabalek ematen du zerbitzua, eta berak ere gaur ireki du kontsulta asteetako etenaldiaren ostean. "Ordu eta laurdeneko txandak ematen ditut bezeroak elkartu ez daitezen", azaldu du. Musukoarekin ematen du zerbitzua eta masajea emateko mahaia enbalatzeko plastiko finarekin batuta dagoela.

Estetizistak ez du, oraingoz, zabaldu. "Estetizisten elkartearen gomendioen zain nago", azaldu du.

Tabernak itxita

Tabernek eta jatetxeek itxita jarraitzen dute. "Bete beharreko baldintzak oso gogorrak dira, eta guri behintzat ez digu merezi zabaltzeak. Galerak izango genituzke", adierazi du Maialde hoteleko Jesus Kalboetxeagak. "Gauzak asko aldatzen ez badira litekeena da uztailera arte edo ez zabaltzea".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak