"Lehenengoa Elgetako haur denei zuzendua dago, beraien interesetara egokitua. Eta bigarrena, gazte zein helduentzako izango da", adierazi du Ane Bilbao zinegotziak. Askotariko diziplinak jorratuko dituzte: abilezia, bertsoak, logika jolasak... "Bertan, besteak beste, erronkak, eskulanak, musika, kirola, irakurzaletasuna, bertsolaritza, logika-memoria eta abilezia jolasak proposatuko ditugu. Herritar guztiontzako egokiak izan daitezkeen ariketak luzatzen saiatu gara. Erronken kasuan zailtasun ezberdinekoak proposatuko ditugu, eta agian, denok ez dugu helburua lortuko, baina gainontzeko ariketa guztiak norberaren abilezien esku geldituko dira. Erronkak prestatzeko orduan, danon artean egindako lana da. Udaleko langile den Etor Garatek ere prestatu ditu haurrendako kirol ariketak, eta Nerea Villak, ludotekako Youtube kanalean egunero argitaratzen ditu haurrendako eskulan proposamenak".
Zapatilaren erronka eta argazki barregarriak, gaur
Bilbaok luzatu du gaur lehenengo erronka eta oreka kontuetan ondo dabilela argi geratu da. Zapatilaren erronka lehenengo saiakeran lortu duen galdetuta hauxe erantzun du: "Ez… Ondo atera arte, behin eta berriz egin behar izan dut nik ere! Kontu hauek normalean ez dira lehenengoan nahi bezala ateratzen. Baina buru gogorra izatearen kontuak...".
Neska-mutikoek, bestetik, argazki barregarriak sortzeko gonbidapena jaso dute. Kontua ondo pasatzea eta saiatzea dela azaldu du Bilbaok. "Gustura jasoko ditugu denon saiakerak zein lorpenak. Guk egunean ariketa bat proposatuko dugu, baina astean zehar egin daitezke. Ez da derrigorra egunean bertan partekatzea. Zapaturako helarazi eta domekan, astean zehar jasotako bideoekin eta argazkiekin osatutako bideoa zabalduko dugu. Ez dago ezertarako derrigortasunik, bakoitzak egoki ikusten duen eta gustuko dituen proposamenak aukeratu eta burutu ditzake".
Bideoak hona bidali behar dira: danonartian@elgeta.eus edo 634 438 458 telefono zenbakia.
KonfinAKZIOA ekimenak zein iraupen izango duen galdetuta ikusteko dagoela adierazi du Bilbaok. "Erantzunaren arabera ikusiko dugu jarraitzeak mereziko duen. Momentuz aste honetakoarekin hasiko gara, eta herritar denak parte hartzera animatu nahi ditugu!".