Leire Sangroniz Agudo elgetarrak doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikulu onenaren CAF-Elhuyar saria jaso du

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko api. 29a, 11:45

Leire Sangroniz Agudo, kimika doktorea eta saritua.

Kimikako doktorea da Sangroniz eta polimero birziklatu aurreratuen garapenari buruzko dibulgazio-artikulu batengatik jaso du saria.

Kultura zientifikoaren beharra hain agerikoa den egun hauetan jakinarazi dute zein diren CAF-Elhuyar sariketaren irabazleak. Hain zuzen, zientzia eta teknologia gizarteratzeko lanak eta egitasmoak aitortzea da sariketaren helburua.

Ezohikoa den osasun-larrialdian ezohiko moduan eman dira jakitera aurtengo saridunak; izan ere, ez dute sari-banaketarako ekitaldirik egin, eta oraingoz ez egitea erabaki dute antolatzaileek. Hala ere, saridunek 2.000 euroko diru-saria eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bana jasoko dute.

Leire Sangroniz Agudo elgetarra kimikako doktorea da eta doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikulu bati eman diote saria. Hain zuzen ere, doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluen kategorian. Artikuluaren izenburua da: Polimero birziklatu aurreratuen garapena: plastiko-hondakinei bizi berri bat emanez.

Epaimahaiak nabarmendu duenez, gaur egun ahoz aho dagoen arazo bati erantzuten saiatzen da tesia. Gainera, egindako lan zientifikoa oso modu dibulgatiboan dago azalduta, eta argi ulertzen da tesiaren mamia.

Gainerako sarituak

Antolatzaileek jakitera eman dutenez 41 lan jaso dira aurten sariketarako, eta parte-hartzaileen artean genero-oreka egon da.

Dibulgazio-artikulu orokorren kategorian, Galder Gonzalez Larrañaga wikilari zarauztarraren Io eta argiaren abiadura artikulua aukeratu du epaimahaiak.

Zientzia-kazetaritzako lanen kategorian, epaimahaiak aho batez erabaki du Tolosako Josu Lopez Gazpiori ematea saria, Musikaren zientzia lanarengatik.

Azkenik, Ana Zubiaga Elordieta genetikako katedradunak jaso du Elhuyar Fundazioaren Merezimendu Saria, euskara normalizatzen eta zientzia gizarteratzen egindako lanarengatik.

Neiker sari berezia –lehen sektoreko lan onena saritzen duena– eta Zientzia Gizartean sorkuntza-beka eman gabe uztea erabaki du epaimahaiak, aurkeztu diren lanek ez dutelako sarituak izateko adinako kalitaterik.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak