Paseoan edo aire zabalean, ordubete. Horrek egin ditu gaur zoriontsu Elgetako neska-mutikoak. Sei asteko konfinamendu luzearen ostean behar zuten, zalantzarik gabe. Denbora tarte laburregia ere izan da, askorendako.
Eguerdian irten dira Elgetako neska-mutiko gehientsuenak kalera. Nor bere jostailuarekin irten da, eta etxeko heldu baten konpainian. Eguraldiak ere lagundu du, azkenean.
Herriko kaleetan ibili dira asko. Larrabil zearrako bidea ere bereziki estimatua izan da.
Erraldoia dantzan
Festa egun moduan ospatu dute San Roke kalean. Jon Markiegi izan da protagonista nagusia; izan ere, etxean egindako erraldoi eta guzti bertaratu da 13:00ak aldera. Berehala entzun da La Polonesa abestia, eta bira eta bira hasi da erraldoiaren azpian dantzan.
Txaloak eta animo oihuak jaso ditu domeka eguerdiko txikiteoan zeuden bizilagunengandik. Ertzaintza ere parean suertatu da, eta mutikoak dantza amaitu arte itxaron dute.
"Jaietako Mozorro Egunerako prestatu genuen erraldoia, baina sekulako beroa egin zuen eta berehala eraman genuen etxera. Ez zegoen barruan egoterik", azaldu du amak. "Gaur ateratzea nahi zuen Jonek, eta horrela izan da. San Roke kaleko bizilagunekin hitz eginda neukan, eta musika ere prest zuten. Polita izan da".
Ezustekoa ertzainak bertaratzea izan da. "Galdetu digute zertan ari ginen eta zenbat ginen, baina mutikoa eta biok bakarrik geunden kalean, eta kalejira egiten utzi digute. Mutikoa pozik, noski. Oso pozik".