Guztiz ezohikoa izaten ari da 2019-2020 ikasturtea. Helburua orain lan errutina batzuk markatzea dela adierazi du Herri Eskolako zuzendari Libe Iñurrigarrok, baina, batez ere, lasaitasun mezua igorri nahi die familiei. "Ari gara zehazten zer eduki falta zaizkigun emateko, eta horiei helduko diegu gutxieneko batzuetara heltzeko, baina familiek argi izan behar dute egunotan etxetik egingo den lana ez dugula kalifikatuko. Lan errutina batzuk markatzeko bidalitako lanak izango dira". Etxe bakoitzean egoera oso des- berdina dela ohartarazi du zuzendariak. "Guraso batzuek gehiago eskatzen dute, baina beste batzuk lanean daude eta ezin diete umeei lagundu. LH- 1eko eta LH-2ko haurrak, adi- bidez, oso txikiak dira eta gurasoak beraiekin egotea eskatzen dute. Eskolatik lasaitasuna transmititu nahi diegu familiei".
Inkesta familiei
Opor aurretik familiei bidalitako inkestatik jasotako erantzunak oso baliagarriak izan zaizkiela adierazi dute eskolako ordezkariek. "90 familia ditugu ikastetxean, eta, azkenean, 84k erantzun dute inkesta. Egoera denondako da berria eta guretzako oso garrantzitsua da familiek nola bizi duten jakitea. Iradokizun asko jaso ditugu, eta horrek balio izan digu guk ere hausnarketa bat egiteko. Orokorrean, irakasleen presentzia handiagoa eskatu dute familiek, eta Haur Hezkuntzan ere bai. Hala, hortik etorri dira LHko ikasle guztiei Gmail kontua sortzeko erabakia, edota astean behin gutxienez HHko irakasleek bideoak grabatzea eta bidaltzea. Ipuinak, asmakizunak eta antzerakoak izango dira".
Eskolak, bideokonferentziaz
Eskola komunitate osoak ikasi behar izan du bideokonferentziak egiteko aplikazioak erabiltzen. Lehen Hezkuntzan dauden ikasleek astean behin gutxienez halako saio bat egingo dute aurrerantzean. "Tutoreak eta espezialistak adi daude eta bakoitzak detektatuko dituen beharren arabera markatuko du maiztasuna".
Irakasleendako ere ez da erronka makala. "Familiek bezala, guk ere bat batean egokitu behar izan dugu egoera berrira, eta bagoaz astiro-astiro. Bideo-dei bitartez ari gara gure batzarrak egiten. Elkarri lagunduz eta bideo tutorialak ikusiaz joan gara ikasten. Oporrak erdi oporrak izan dira lanean, ibili garelako ikasturtea amaitzeko gelditzen diren bederatzi asteei forma ematen", esan du zuzendariak.
Irakasle gehienak ere etxetik ari dira lanean, nahiz eta tarteka bateren bati ikastetxera joatea egokitzen zaion, izan mate- riala jasotzeko, izan dauden premiei erantzuna emateko.
Arrakala digitala leunduz
Lan modu berriek ia ikusezinak ziren egoerak jarri dituzte begi bistan; izan ere, familia guztiek ez dituzte baliabide berak eta bideo-deiak egin ahal izateko beharrezkoak dira Interneterako sarbidea eta ordenagailu bat. Arazoari aurre egiteko, Izaskom kooperatibak eskainitako SIM txartelak banatu ditu Udalak, eta horrekin batera hainbat ordenagailu eramangarri.
"Eskolaren bitartez egin da premia hori eduki dezaketen familien detekzioa", adierazi du Iraitz Lazkano alkateak. Eskaera berri bat dago orain eta Udalak ez dauka ordenagailu eramangarri gehiago. Aurrerantzean, eskolak banatuko ditu Eskola 2.0 programako ordenagailu txikiak.
"Tutoreak adi daude eta premiarik sumatuko balitz aukera hori ere badago", baieztatu du zuzendariak. Mugikorretarako SIM txartelak banatu ditu Udalak. Wifia balitz bezala konpartitzen dira datuak ordenagailuarekin. "Sarbide hori bermatuta dagoen eskubide bat izan beharko litzateke ikasle guztiek izateko Interneterako sarrera", esan du Lazkanok.