Eguerdi parterako zeuden deituta hainbat ekintza sinboliko, guztiak ere konfinamenduak ezarritako oztopoak gainditzeko helburuarekin, eta leihoetatik eta balkoietatik egitekoak.
Alde batetik, Euskal Herria Batera izenpean Euskal Herri mailako deialdia zegoen deituta 12:30erako. Horrekin batera herri mailako beste bi deialdi zeuden luzatuta Elgetan; Elgetako EH Bilduk 12:00etarako egindakoa eta Beheko Kaleko jai batzordeak 12:15erako egindakoa.
Elgetako EH Bilduren deialdiak proposatzen zituen minutu bateko isilunea 12:00etan eta Pantxoa eta Peioren Batasuna kantuan jartzea eta kantatzea. Beheko Kaleko jai batzordearen egitarauan, berriz, diana, minutu bateko isilunea 12:30ean, eta Txoria txori, Ikusi mendizaleak, Bagare eta Euskal Herrian euskaraz kantuak jartzea eta abestea zeuden. Ondoren, topa egitea eta bazkaria.
125 ikurriñatik gora zenbatu ditu GOIENAk Elgeta erdiguneko kaleetan, gaur eguerdian. Argazkietan ikus daitekenez bestelako ikurrak ere egon dira ikurriñekin batera. Bestetik, elgetar batzuk dolu-xingola beltzak jarri dituzte ikurriñaren erdian, eta xingola moreak ere ikusi dira. Eskuz egindako ikurriñak ere ez dira gutxi izan.
Herritar askok eguerdiko pintxo-jana egiteko baliatu dute aukera, eta topa egin dute etxekoekin zein auzokideekin.