Udal zergak ordaintzeko epeak atzeratuta

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko api. 6a, 10:35
Elgetako Udala telefonoz zein online bidez ari da arreta ematen.

Aurrez aurreko arreta etenda egonda ere, udal zerbitzuak ematen jarraitzea du helburu udalak. Telefonoz edo modu telematikoan erantzuten dituzte herritarren eskaerak. Udal zergak ordaintzeko epea atzeratzeko erabakia ere hartuta dago.

Aurreko astelehena ezkero, etxetik dihardute lanean udal langile gehienek. Pertsona bakarra joaten da udaletxera. Juan Ramon Irazabal, hain zuzen ere, eta goizez bakarrik; izan ere, arratsaldez etxetik erantzuten ditu udaletxera egiten diren deiak. Irazabalek ez duela aurrez aurreko zerbitzurik ematen argitu du Iraitz Lazkano alkateak. "Egoerak behartuta ez dugu presentziazko zerbitzurik ematen. Herritarrek bi telefono dituzte edozein kontsulta egiteko: udaletxeko 943 76 80 22 eta 634 43 84 58", adierazi du Lazkanok.

Brigadak ere lanean dihardu. Bi langile dira eta astebeteko txandak egin dituzte.

Zerbitzua emateko era berriak

Alerta egoera indarrean sartzearekin batera gelditu ziren bertan behera hezkuntzarekin zein kirol zerbitzuekin lotutako aurrez aurreko saioak. Liburutegia ere itxita dago. Langile horiek etxetik dihardutela adierazi du Lazkanok. "Kiroletako monitorea saiakera egiten ari da zuzeneko spinning saio batzuk emateko. Langile hori, esaterako, telelana egiten dago". Multikirola ekintzako neska-mutikoak ere jarduera fisikoa egiteko erronkak jasotzen ari dira.

Liburutegiko langileak ere etxetik dihardu lanean. Zabalik ditu komunikazio kanalak eta irakurketa proposamenak luzatzen ari da Hitzez Pitz solasaldi taldeko kideei. "Kenduta hezkuntzarekin –ludoteka-gazteleku– eta kirolarekin zerikusia duten zerbitzuak, beste guztiak "normaltasunez" funtzionatzen ari direla esango nuke. Esaterako, gizarte zerbitzuak. Ez da zerbitzu presentzialik ematen, baina beharra badago berdin-berdin artatzen da, telefonoz zein beste modu telematiko baten bitartez".

Udal zergen ordainketa, atzeratuta

Elgetako Udalak ere neurri bereziak hartuko ditu 2020ko udal tasak eta zergak kobratzeko orduan. "Astelehenean sinatu nuen erabakia, eta martitzenean argitaratu zen", esan du Iraitz Lazkano alkateak. "Zergak ordaintzeko epeak atzeratu egingo ditugu eta kirol zein hezkuntza zerbitzuetako tasak bertan behera utziko ditugu osasun larrialdi egoera mantentzen den bitartean".

Ekainaren 30a izaten da udal zergak eta tasak ordaintzeko epemuga, eta aurten atzeratu egingo da. Hezkuntza eta kirol zerbitzuekin lotutako ordainketei dagokienez: "Martxokoa, esaterako, erdia bakarrik kobratuko dugu, eta ikasturteko abonamendua eginda zutenei bueltatu egingo diegu alarma egoeraren tarteari dagokion kopurua, proportzionalki kalkulatuta"

Udalbatzarrak, bertan behera

Elgetako udalbatzak martxoaren 3an egin zuen azken osoko bil- kura. "Epe motzean ez dugu osoko bilkurarik egiteko aurreikuspenik. Beharra balego egin- go genuke, baina ez dugu ikusten". Bertan behera gelditu dira, hori bai, hileroko informazio batzordeak.

Laguntza sarea, prest

Egoera zaurgarrienean egon daitezkeen elgetarrekin harreman ahalik eta erregularrena mantentzen ari direla esan du alkateak. "Dakigula, momentuz, ez dago horrelako beharrik. Dena den, hainbat herritar azaldu dira prest horrelakoetan laguntzeko, eta prest dugu dokumentu bat beharra edukiz gero sarea martxan ipintzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak