Lasaitu dira hasierako presa eta larrialdi gehienak farmaziako bezeroen artean ere. Hornitzaileak normal antzean dihardute lanean eta bada zerbait. "Aurretik ere bagenituen horniketa arazo batzuk farmazian, baina tira", dio Elkorok.
Hori bai, agortutako hainbat produktu lortzea zaila da egunotan. Maskarak eta eskularruak daude horien artean eta termometroak ere bai. "Baneuzkan biltegian, baina bukatu egin dira horiek ere. Auskalo noiz jasoko ditugun berriz!".
Ordutegia moldatuta
Ordutegia moldatu egin dute: 09:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara dago zabalik botika Elgetan. Zapatuetan, goizetik bakarrik, eta 10:00etatik 13:00etara. Ordu erdi lehenago ixten dute goizetan eta ordubete lehenago arratsaldetan. "Aurreko astean jaso genuen ordutegiak murrizteko baimena genuela esaten zuen zirkularra kolegiotik, baina jendea neukan farmazian eta erabaki nuen betiko moduan ematea zerbitzua. Erritmoa, orain, dezente jaitsi da martitzenetik edo, eta ordutegia egokitzea erabaki dut".
Elena Elkoro bakarrik dago egunotan farmazian, eta bisera berezi bat darama jarrita. "Amaia etxetik ari da lanean, ni gaixotuz gero erreleboa ziurtatuta egoteko".
Botikak dira lehentasuna
Elkorok nabarmendu du larrialdi egoerak irauten duen bitartean botikak eta produktu sanitarioak –bendak, aposituak...– saltzeko dagoela. "Hori da lehentasuna. Ilararik ez badago ez dut arazorik botikan ditudan bestelako produktuak saltzeko, baina jendeak ulertu behar du larrialdi egoeran gaudela eta botikak direla lehentasuna. Prebentzio neurriak hartu behar ditugu eta horrek ere denbora hartzen du. Bezero bakoitzaren ostean eskuak eta mostradorea desinfektatu behar ditugu, eta pertsona bakarra dago artatzeko".
Botikariak mezu argia du elgetarrendako; batez ere, arrisku taldekoak direnendako: "Egon zaitezte etxean. Hau ez da txantxa. Ondo egin behar da konfinamendua".