Julian Markiegik egunero moduan zabaldu du prentsa saltzeko postua, beti ere prebentzio neurriak ahal den neurrian beteta. Medikuaren kontsulta itxita dago eta Herri Eskolako irakasleek etxeko lanak gertatu dituzte itxialdian dauden ikasleek erritmoa gal ez dezaten. Eskola atarian jaso dute materiala gurasoek, banaka-banaka.
Udaletxea ere itxita dago. Kontsulta guztiak telefonoz, emailez edo sare sozialen bitartez egiteko eskatu dute. Zabalik dauden komertzioei jarraibideak helarazi zaizkiela adierazi du Iraitz Lazkano alkateak. "Eskatu dugu gehienez ere bi bezero egotea aldi berean barruan, eta kanpoko ilaran bi metroko distantzia mantentzeko". Azoka eguna da gaur Elgetan eta fruta saltzailea bertan da. "Eskatu diegu aldiko bezero bat artatzeko eta ilara goitik behera egiteko pertsonen artean bi metroko tartea mantenduz. Bihar etorriko da arrain sailtzailea eta berdin jokatzeko eskatuko zaio".
Herritarrak orokorrean ezarritako prebentzio neurriak betetzen ari direla adierazi du alkateak. "Kaleak hutsik daude eta ikusten da jendea ilarak ondo egiten ari dela. Gogoratu behar da neurriak hartzea ez dela aukera bat. Denon osasuna dago jokoan, eta bereziki egoera ahulenean daudenena", azpimarratu du Lazkanok.
Ertzaintza ere badabil Elgetako kaleetan. Herritar bat baino gehiago gelditu dute etxean egoteko agindua dagoela gogora ekartzeko, eta irten ahal izateko baldintzak zeintzuk diren azpimarratzeko.
Osasun zentroa, itxita
Itxita dago baita ere Elgetako osasun zentroa. Langileak bertan dauden, baina ez bertaratzeko agindua jaso dute herritarrek.
Arnasketa-sintomatologiarekin lotutako kontsulta-arrazoiren bat duten herritarrek ahalegina egin behar dute kontsulta telefonoz egiten eta Osasun Aholkuaren 900 20 30 50 telefonora deituta.
Eskaera Debagoieneko bederatzi herrietako anbulatorioetatik eta Arrasateko ospitaletik egin dute. Osasun zentroko edo ospitaleko deia jaso artean etxean itxaroteko eskatu diete herritarrei.
Herri Eskolak etxeko lanak banatu ditu
Herri Eskola ere itxita dago, eta ez da aurrez aurreko eskolarik barikutik. Irakasle taldea lanean da, ordea. Familiei jakinarazi zaie gaur jaso behar direla ikasleek itxialdi egunotan egiteko prestatutako materiala. Etxeko lanak dira eta eskola atariko sarreran utzi dituzte gurasoek banan-banan jaso ditzaten. Taldeka eta izen-abizenekin antolatu dituzte. Kontsultak telefonoz zein emailez egin daitezke.