Poliki-poliki konfirmatzen doa inguruko herrietan gertatzen ari den joera berdina. Alegia, ohiko jarduera ugari bertan behera geldituko direla COVID-19 koronabirusa zabaltzea saihesteko prebentzio neurri gisa.
Atzo iluntzean iragarri zuen Osasun Sailburuak Arabako eskola guztiak bertan behera utziko zituztela gaur hasi eta gutxienez hamalau egunez. Bihartik aurrera, erabaki hori Gipuzkoa eta Bizkaira hedatzea erabaki dute: "Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztien eskola-jarduera presentziala aldi baterako etetea".
Elgetako Herri Eskolatik berretsi egin dute neurria. "Ikastetxean irakasleak lanean egongo gara eta informazioa email bitartez eguneratzen jarraituko dugu. Edozein zalantza izanez gero, ohiko telefonoak eta helbide elektronikoak erabili", jakinarazi dute.
Udal zerbitzuak ere itxita
Elgetako Udalak, bestalde, bertan behera utzi ditu oraingoz hainbat zerbitzu. Zerbitzu horiek dira: eskola kirola, liburutegia, udal kirol zerbitzuak, udal batzordeak, pilota eskola, bisita gidatuak, ludoteka, gaztelekua eta Sum magoa (martxoaren 28rako zegoen aurreikusita).
Udalak eskaintzen ez dituen beste hainbat zerbitzu ere bertan behera gelditzen dira. Hala nola, zumba eta pilates, areto dantzak, yoga, musika eskolak, tai-chi eta ingeles eskolak.
Eskatu dute Udalari kontsultak eta eskaerak telefonoz edo e-mailez egiteko. Bestetik, eskatu dute Ozkarbi elkarteko bazkide ez diren erretiratuek egoitza ez erabiltzeko.
Bestelako jarduerak ere bertan behera
Lorea Larrañaga musika ikasleak ere jakinarazi du bertan behera geldituko direla bihartik aurrera musika, gitarra eta piano eskola guztiak. Ingeleseko eskolaz kanpoko jarduerarik ere ez da egongo.
Liburutegian, bestalde, ez dute biharko iragarrita zegoen Ipuinen Ordua saioa egingo eta ludotekatik jakinarazi dute zapatuan egitekoa zen erraldoia egiteko tailerra ere ez dela egingo.
Yoga eskolak ere bertan behera gelditzen dira.