Iraitz Agirre: "Zergatik eta zertarako antolatzen garen ulertzen saiatuko gara"

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko ots. 24a, 17:00
Iraitz Agirre. (Argazkia: Ekaitz Zilarmendi)

Emakumeen Nazioarteko Egunaren aurretik eta Elgetako emakume taldeak Udalarekin elkarlanean antolatuta bi tailer egingo ditu Iraitz Agirrek, Elgetan. Lehenengo saioa eguaztenean izango da, hilak 26, 18:30ean, udaletxeko areto nagusian. Hurrengoa martxoaren 4an. Martxoaren 8rako ekintzak ere iragarri dituzte, Elgetan.

Feminismoaren historia ezagutzea izango da lehenengo saioaren xede nagusia, ezta? 
Genealogia feministen kontzeptuak zer esan nahi duen azaltzen saiatuko naiz, bai. Genealogia kontzeptua erabiltzen dut beste askok egindako lan mordoaren ondorioz gaudelako gu gauden egoeran eta lekuan. Askotan, ematen du feminismoan hutsetik hasten garela, eta ez da horrela. Uste dut interesgarria dela mendeetan atzera egin, eta feminismoan izan diren eztabaida eta mugarri nagusiak identifikatzea. Egile, testu eta gogoeta esanguratsuenak ezagutu, eta mugimendu feminista ezaugarritu duten olatuak kokatuko ditugu. Modu parte hartzailean, mugimendu feministaren historian jorratu diren gaiak landuko ditugu, eta kronologia batean kokatzen saiatuko gara. Denon artean feminismoaren genealogia bat egiten saiatuko gara. 

Bigarren saioa martxoaren 4an izango da. Helburua izango da genealogia luze horretan nork bere burua nola kokatzen duen hausnartzea, ezta? 
Hausnarketa saio bat izango da gehiago. Ez hainbeste helburuak finkatzeko asmoarekin, baizik eta Euskal Herriko eta Elgetako errealitatean lur hartzeko asmoarekin. Zergatik antolatzen gara? Zertarako antolatzen gara? Askotariko ariketen bidez emakume ginela noiz konturatu ginen, eta emakumeen eskubideen alde nola kokatu ginen partekatuko dugu. Baina, batez ere, zergatik antolatzen garen galdetuko diogu gure buruari. Gure asmoak eta nahiak antolatzen eta definitzen saiatuko gara. 

 

Martxoaren 8an, elkarretaratzea eta bazkaria

Emakumeen Nazioarteko Egunean elkarretaratzea eta bazkaria egingo dira Elgetan. Elkarretaratzea 13:00etan izango da, eta bazkaria 14:30ean. Menua da: paella – oilaskoarekin zein beganoa–, postrea eta kafea. Prezioa 7 euro da. Txartelak salgai daude, martxoaren 6ra arte, herriko taberna guztietan eta Elkoro botikan. 

Martxoaren 8ko bazkaria, iaz, Elgetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak