Enara I. Dominguez: "Hilerokoak tabua izaten jarraitzen du oraindik"

Naroa Urien 2020ko ots. 13a, 14:02
Hitzaldia gidatuko duen Enara I. Dominguez.

Hile topaketa izenburupean hitzaldia egingo du bihar, barikua, Elgetako liburutegian, Enara I. Dominguezek, 18:30ean. Bibliobero zikloaren barruan izango da eta ziklo menstrualaren gaia landuko du.

Zer da Hile topaketa hitzaldia? 
Hilerokoaren inguruko esperientziak partekatzeko topaketa bat da. Ez da ohiko hitzaldi bat, borobilean topaketa egitea da. Lehen hurbilpen bat izango da, nik nire bizipenetatik egiten dudan zerbait da. Hilerokoaren kulturaren inguruan hitz egingo dugu, aurrekari historikoaren inguruan hitz egingo dugu eta azalpen teorikoa egingo da hilerokoaren ziklo eta faseen inguruan. Bakoitzak konpromisoa hartu eta norberaren hilerokoaren erregistroa eginez gero ere, oso interesgarria izango litzateke, besteen esperientzietatik ikasteko. 

Hilerokoaren gaia tabua da? 
Bai, noski. Bagoaz hitz egiten, baina partekatzeko beharra dago oraindik. Iragarkiak ikustearekin erraz konturatu gaitezke tabua dela. Izan ere, iragarkietan odola urdina izaten da, edota aktoreak pozik agertzen dira beti. Modu honetan, erraz ikusi daiteke gaia ekiditeko intentzioa badagoela. Nire proposamena lehen pausoa eman eta elkarrekin bidean ibiltzen jarraitzea da. Ez daukagu imajinario berria sortua, eta imajinario zaharrarekin geratzen gara, eta, horretan jarraituz gero, isilpeko gaia izaten jarraituko du. 

Hilerokoa odola bakarrik al da? 
Hilerokoa bera dugunean edo mina dugunean bakarrik konturatzen gara hilerokoaren zikloan bizi garela. Baina hilabete guztian zehar gabiltza hilerokoaren zikloan. Gure gorputza hobeto ezagutzeko helburua dauka hitzaldiak, azken finean; hilerokoaren faseak, emozioak, minak… Izan ere, oso garrantzitsua da zikloaren atal desberdinez hitz egin eta hausnartzea, gertatzen zaizkigun gauzak hobeto ulertu ahal izateko. Guztion esperientzietatik ikasteko topaketa bat da, dibertsitatea aberastasuna da kasu honetan ere. 

Norbera ezagutzeko aukera? 
Bakoitzak bere patroi hormonal propioa dauka, bizipen propioak… beraz, bakoitzaren kasua ezberdina da. Baina, lehen esan bezala, dibertsitatea ezagutu eta informazioa jasotzeko aukera bikaina da. Hitzaldia hilerokoa daukagun gorputz guztientzako jakintza da. Nire bizitza ezberdina izango litzateke 15 urterekin hitzaldian aipatuko den hau guztiau jakingo banu.  Horregatik, adin tarte guztietako emakumeak etor daitezke. Esperientzia oso politak suertatzen dira eta guztion ahotsak entzun eta aholkuak eman eta jasotzeko aukera bikaina da. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak