Umeek mailegatzen dute euskaraz, gehienbat

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko ots. 10a, 10:00

Iaz, 1.862 liburu mailegatu ziren Elgetako udal liburutegian. 1.003 mailegu izan ziren euskara hutsezko liburuenak eta 740 gaztelera hutsezkoenak. Gainerakoak ele bitan edo beste hizkuntza bateko liburuak izan ziren. Helduen artean gaztelera da nagusi.

Udal liburutegitik emandako datuen arabera, 2019an 1.862 liburu mailegatu ziren Elgetan. "Erabiltzaile kopurua mailegu kopurua baino handiagoa da", adierazi du liburutegiko arduradun Geaxi Ezpeletak. "Iaz, 3.000 pertsona inguruk erabili zuten zerbitzua: irakurtzeko, mailegu zerbitzua erabiltzeko, etxeko-lanak egiteko, kontsultak egiteko, ordenagailuak erabiltzeko, eta abarrerako".

Gaztelerazkoak baino euskarazko liburu gehiago hartu ziren maileguan. Euskarazko liburuen maileguak 1.003 izan ziren, eta gaztelerazkoenak 740. "Gainontzekoak, beste hizkuntza batzuetan edo ele bitan", zehaztu du Ezpeletak.

Hizkuntza irizpidearekin lotuta adierazgarria da batez ere neska-mutikoak direla euskarazko liburuak maileguan hartzen dituztenak. Helduen artean gaztelera da nagusi.

2019an, euskarazko liburu mailegatuenak Daniela pirata, Tonino eta Kokoriko izan ziren. Gaztelerazko liburu mailegatuenak, berriz, Reina roja, La rosa del viento eta Las hijas del capitán izan ziren. Argi dago euskaraz haur ipuinak mailegatzen direla, gehienbat, eta helduendako eleberrietan, berriz, gaztelera dela nagusi.

Emakumezkoak gehienak

Orokorrean, liburutegiko erabiltzaileen gehiengoa emakumezkoa da. Neska-mutikoen artean ere bai. "Iazko mailegu datuetan, gutxi gorabehera, bi heren emakumeek egindako maileguak izan ziren eta heren bat gizonezkoek egindakoak", zehaztu du liburutegiko arduradunak.

Liburu mailegua ez da urte osoan zehar bera izaten. Elgetari dagokionez eta 2019ko datuei erreparatuta, mailegu kopuru handieneko hilabeteak uztaila, urria, azaroa eta urtarrila izan ziren. Mailegu kopuru txikiena, berriz, udaberrian.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak