Euskal Herriko Unibertsitateko Didaktika eta Eskola Antolakuntza Saileko kide da Joxe Amiama Ibarguren pedagogian doktorea. Eguaztenean izan zen Elgetako herri eskolan, eta Irakaslea al naiz nire etxean? Laguntza motak etxeko lanetan hitzaldia eskaini zuen. Amiamaren esanetan, "kalerako beharko lukeen denbora bat eskolari eskaini izan zaio historikoki, etxeko lanei. Hala beharko luke?". Abiapuntu horretatik hasi du pedagogoak hausnarketa.
Beharrezkoak dira etxeko lanak?
Hainbat aldagai izan behar dira kontuan: alde batetik, edadea dago; eta, bestetik, tipologia. Ikerketa ugari egin dira, eta haurrak txikiak direnean ez da funtzionala etxeko lanak bidaltzea. Tipologiari erreparatuta, ariketa mota guztiak ez dira denentzat erabilgarri. Helburua ondo finkatu behar da etxeko lanak bidaltzen direnean, hori lortzeko bide egokia aurkitu.
Etxeko lanak bidaltzekotan, zenbat denbora eskaini?
Hasteko, gogoratu behar dugu kalerako denbora bat erabiltzen ari garela. Ez dago loturarik denboraren eta baliagarritasunaren artean. Batzuek denbora gutxirekin errendimendu handia ateratzen dute eta beste batzuek nahiz eta denbora asko sartu ez dute denbora hori aprobetxatzen.
Tipologiari erreparatu behar diogu orduan...
Denbora ez da aldagai garrantzitsu bat. Tipologia bada klasean egindakoa errepikatzea, eta dagoeneko umeak baldin badaki, demagun zatiketak egiten, hamar bidaltzen badira, seigarrenean dagoeneko aspertuta egongo da, badakielako. Aldiz, haurrak ez badaki zatiketak ongi egiten, berdin da hamar edo hogei bidali, ez du jakingo. Hainbat familia edo ikastetxetan oraindik uste dute ordu erdirekin nahikoa ez bada ordu bat sartu beharko duela. Horrek ez du emaitza bermatuko.
Gurasoen kasuan, zer paper jokatu behar dute?
Oso garrantzitsua da argi izatea eskola sistema bat dela eta etxea edo familia beste bat. Eskolan, irakasleak, mahaiak, arbelak... daude eta irakasleek harreman kurrikular bat dute ikasleekin, sistema hori horretarako dago diseinatua. Etxean, aldiz, familian, beste sistema bat dago, helduak daude, umeak, ilobak, aitona-amonak... baina ez dago irakaslerik. Etxeko lanak eskola sistemako zerbait dira, beste testuinguru batera eramaten ditugunak, beste sistema batera. Hor talka bat dago.
Nola lagundu, hortaz, haurrak eskolatik kanpo?
Lagundu egin behar da, baina ez irakasle paperean sartu. Familiei aipatu ohi diet haien funtzioa ez dela berriz ere Frantziako Iraultza, uraren zikloa, matematika... ikastea. Adibide bat jartze aldera, batzuetan, gurasoek badakite zerbait erakusten haien haurrei, baina umeak dira askotan esaten digutenak: "Ez, nire irakasleak ez du horrela erakusten". Hori, azken finean, beste sisteman ez sartzeko eskaera bat da. Haurraren jarraipena egin behar da, baina beste bide batzuk landu behar dira; motibazioaren aldetik, batez ere.
Nola uztartu, nahastu gabe, bi sistema ezberdin diren eskola eta etxea?
Zubiak eraiki behar dira eskolaren eta etxearen artean; betiere, jakinda bi sistema ezberdin direla. Prozesu horretan, eskolatik badira gai hauek bideratzeko momentuak. Irakasleek ere klase orduak baliatu ditzakete haurrekin lantzeko; etxeko lanak nola egiten ari diren, zer baldintzatan, norbaitek laguntzen dien... galdetzeko; betiere, kalifikatzetik haratago. Familientzat, agendak edo irakasleek hitz egitea oso baliagarria da, arazoak daudela edo dena ondo doala.