Gabonak ez dira aspertzeko

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko urt. 10a, 10:30

Eguzkitsuak izan dira aurten Gabonak, eta udazken euritsuaren ostean gustura hartu dituzte zeru urdineko jaiegunak Elgetan ere. Barruko zein kanpoko jarduerak egiteko aukera izan da. Antolatzaileak pozik dira ekintzek izandako harrerarekin.

Eskolako neska-mutikoen azoka txikiak ekarri zituen Gabonak Elgetara, abenduaren 20an. Ordutik, ekitaldi asko eta askotarikoak izan dira herrian, eta nork bere aukeraketa egin du. 

Egun berean, Europako ipuinak kontatu zituen Maider Galarza ipuin kontalariak liburutegian, eta Lorea Larrañagaren gidaritzapean Gabonetako emanaldi berezia eskaini zuten herriko 30 bat musika ikaslek Espaloian. Bakarka, binaka edo hirunaka eta pianoarekin, gitarrarekin, bonbardinoarekin, biolinarekin edo soinu txikiarekin... askotariko piezak jo zituzten. 

Biharamunean, abenduaren 21ean, Bilboko Gabonetako haur parkera egin zuten txangoa gaztelekutik. Hemezortzi neska-mutiko eta bi arduradun joan ziren egun-pasa. 

Karta-jokoan 

Abenduaren 23an bederatzi bikotek hartu zuten parte Ozkarbi eta Intxorta elkarteek lehenengoz antolatutako Gabonetako mus txapelketan. Jose Antonio Ojanguren eta Juan Mari Arantzeta izan ziren irabazleak. Felix Sarasketak eta Paco Llamasek egin zuten bigarren. Juan Antonio Reyes Pingui eta Eleder Lozano sailkatu ziren hirugarren eta Mari Carmen Egiguren eta Antton Mañarikua, berriz, laugarren. 

Ojanguren eta Arantzeta ondo ibili dira karta-jokoan Gabonetan; izan ere, garaile izan ziren, baita ere, erretiratuek abenduaren 26an jokatutako mahai-joko txapelketan. Musean eta briskan nagusitu ziren, gainera. Saio hartan bi bikote aritu ziren musean, zortzi briskan eta beste zortzi bikote tutean. Guztiak, erretiratuekin osatutakoak. 
Ojangurenen eta Arantzetaren ostean Pello Uberak eta Javier Fernandezek egin zuten bigarren, musean. Briskan, berriz, Jesusa Iturrikastillo eta Mariasun Arruabarrena sailkatu ziren bigarren. Tute txapelketan Maximo Bolinaga eta Patxi Bouzas nagusitu ziren. Arantxa Aretxaga eta Maria Esther Telleria bigarren sailkatu ziren. Bikote onenak Debagoien mailako kanporaketan izango dira. 

Olentzero eta Gabon kantak 

Urtero moduan, abenduaren 23an jaitsi zen Olentzero Intxortatik. Herriko neska-mutikoekin elkartu zen plazan eta gozokiak eta musuak banatu zituen. Maala guraso elkarteak, berriz, biharamunean egin zuen Gabon eskea. Beste bizpahiru talde ere ibili ziren kalez kale kantuan. 

Intxortara igoera eta boloak 

Aurten ere Gabon egunarekin hamarretakoa egon da Intxorta puntan. Kantsatzeke Mendi Taldeak antolatuta hogei bat lagun elkartu ziren tontorrean mokadutxoa jan eta argazkia ateratzeko. 

Bolariek ere bi tiraldi izan dituzte jaiotan herrian. Abenduaren 20an jokatu zuten lehenengoa eta 27an bigarrena. Hogei bat parte-hartzaile elkartu ziren saio bakoitzean. Lehen saioan Sebas Aranzabal nagusitu zen, lau txirlo jota. Bigarrenean, berriz, Iñaki Burunza, bost jota. 

Sailkapen orokorrean Sebas Aranzabal nagusitu zen, zazpi txirlorekin. Joseba Espillak egin zuen bigarren, seirekin, eta Iñaki Burunzak hirugarren, bost txirlo jota. 

Pilota txapelketak 

Pilotak ere garrantzia izan du Gabonetan. Nagusiek Urtezahar egunean jokatu zituzten finalak. Hiru norgehiagoka izan ziren. Emakumezkoetan Maitena Mañarikua eta Uxue Larrea nagusitu ziren, Janire Lazkanok eta Ainhoa Zeziagak osatutako bikoteari 7-22 irabazita. 40 urtetik beherako gizonezkoetan Jon Irazabal eta Beñat Arabaolaza izan ziren txapeldun Oskar Sarasua eta Andoni Elorza bikotearen aurkako norgehiagoka 22-20 irabazita. Azkenik, 40 urtetik gorako gizonezkoetan Enrike Elkoro eta Iban Retolaza nagusitu ziren Oskar Askasibar eta Haritz Gallastegi 13an utzita. 

Neska-mutikoek ere bi saioko pilota jaialdia izan dute Gabonetan; azkena, Errege egunean. 7 eta 13 urte arteko hamahiru mutiko eta neska bat aritu ziren; hamaika eskupilotan, bat palan eta bi eskupilotan zein palan. Bukaeran, denentzat banatu zituzten sariak. 

Haur parkea eta folk kontzertua 

Urtarril hasieran neska-mutikoendako haur parkea eta Arragoa folk taldearen saioa izan ziren herrian. Haur parkea bi arratsaldez egon zen zabalik frontoian. 

Bergarako Arragoa folk taldeak, berriz, urtarrilaren 3an egin zuen emanaldia, kafe antzokian, eta 180 bat lagun elkartu ziren. Ipuin kontaketa musikatua eta folk kontzertua izan ziren. Lehen zatian herritar bi izan ziren gonbidatuak: Lili Arantzabalek jo zuen biolina eta Iban Arantzabalek egin zuen ipuinaren narrazioa.. 

Ipuinarekin musika instrumentuen historia ekarri zuten. Egin zuten errepasoa harizko instrumentuez, metaleko instrumentuez, sokazkoez… Ipuin lokalizatua izan zen, Asentzio zuen eszenategietako bat, Elgeta bestea eta Espaloia Kafe Antzokia hirugarrena. Narrazioaren azken hitzetan gogorarazi zuten moduan, musikak gure bizitzetan duen leku garrantzitsua nabarmentzea zen asmoa.

Publikoak parte hartu zuen ekitaldian eta Txulalai dantzatzeaz gain Gabonetako Hator hator kantua ere abestu zuten bertaratutakoek.

Ipuina ere musika goratzeko hitzekin amaitu zuten: "Hala bazan, ez bazan, sar dadila kalabazan eta atera dadila musika Espaloia Kafe antzokian". Hori esan eta Arragoa taldeak kontzertua hasi zuen. Ia ordubeteko kontzertua bi aldiz atera behar izan zuten-eta taula gainera publikoak txalo zaparradekin eskatuta. 

Argazkiak: Elgetako Udala, Kantsatzeke Mendi Taldea, Elgetako gaztelekua, Ozkarbi elkartea eta Goiena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak