Herri txiki kontzertu handi

Oihane Agirre 2019ko abe. 14a, 17:43

Gertuko kontzertua eskaini zuen atzo Mikel Urdangarinek, Elgetako Ozkarbi elkartean. Bideoan ikus zenezake gauak eman zituen doinuetako bat; "Bihotz hilezkorra". Hiltzeko beldurrak baino pasioak bizi dituzten mendizaleei dedikatu zien kantua Mikel Urdangarinek.

Kontzertuak aukerak zituen ondo ateratzeko hasi aurreko erretratu bat aterako bagenu. Ozkarbi elkartea, herrikoak eta kanpotik etorritako dozena bat Urdangarinzale sutsu, isats erdiko piano eder bat, jendaurrean pianoarekin sekula ikusi gabeko kantautore bat, lagunartea, euria kanpoan eta barruan giro beroa. Goibeko Euskaltzaleen Topaguneak eskerrak emanez hartu zuen publikoa eta hasi ziren lehen doinuak.

Instrumental batekin zabaldu zuen Mikel Urdangarinek pianoarekin egiten duen lehen emanaldi "ofiziala". Probatu nahi izan zuen bere burua, izan ere, martxoaren bueltan Bilboko Arriagan joko du kontzertu hau berau eta egingo ditu haren aurretik hiruzpalau kontzertu. Entzun ahal izan ziren disko guztietako kantak, ezagunak asko, eta horrenbestez, giroa berotu zutenak, baina baita honegatik edo hargatik piano hautaketa honetan sartu direnak. 

Instrumentalaren ostean bereganatu zituen Urdangarinek zaleak  Zapata gorriak kantuarekin eta errematea hirugarrenarekin: Lau koplatxo kanta borobila, ohiko kontzertuetan ere leku preferentziala hartu izan duena. 

Bere kantutegiaren berrikuspena izan zen beste kantautore baten bertsio bakarra salbu, bertsio librea eta konposatze prozesu ez-ohikoa izan duena. Imanol Lartzabalen Oroimeneko portua hautatu du Urdangarinek. Kanta ezagutzen zutenendako ere kanta berri-berritzat har daitekeena, izan ere, kanta originalaren antza letretan bakarrik duen. Bizizaleei zuzendutako kontzertua zela esan zuen mikrofonotik, bizitza eder denean gertatzen baitira momentu magikoak eta horrela zela adierazten zuten batutako 70 bat lagunek jotako txalo-sorta etengabeek.

Badu Urdangarinek bertsolari bat kantariaren barrenean bizi dena. Nerabe zelarik Jon Lopategi handiak kuttun zuela kontatu zuen eta bertsolaritzan jarduteko Lopategik egindako ahalegina azaldu zuen. Kantaria dugu, hala ere Urdangarin, eta badaki ahotsarekin publikoa erakartzen. Lopategi gogoan kantatu zuen sasoi hartan kantatuta.

Lekandapean pianoratu, Herri zaharra... Unai Iturriagaren letrekin egindako Euria ari du ere erori eta altxatzen diren horiei eskaini zien.

Rueda, Mendizabal, Uribe eta Valverde ere gogoratu ahal izan genituen kanturen baten, esaterako, Kideari deitzen den agur kopletan. Kontzertua oso osorik piano eta ahotsarekin. Urdangarin berri bat, hiru urte hartu dituena pianoari zukua ateratzeko. Kantak egin ditu biziberritu. Egongo da gitarrarekin nahiago izango dituenik, baina esan genezake betiko kantuen izaerari eusten diotela berrituek eta bestelako kontzertu baterako aukerak zabaltzen dizkiola. Zerbaitekin definitu beharko bagenu atzokoa, gertuko kontzertua izan zela esanda laburtu beharko genuke. 

Gogoz eskatu zuten entzuleek "beste bat eta beste bat", eta kantautoreak azaldu zuen moduan "publikoak pentsa lezake entzulearendako oparia dela artistak bere lanari berriro ekitea, baina, berez, artistari egindako oparia eta aitortza da beste bat eskatzen duela entzutea".

Gogoz abestu zituen Bazkalosteko kafea eta Iskin hontatik idazten dizut. Kontzertua amaitutzat ere jo zitekeen, baina eskaerek jarraitzen zuten eta gitarra hartuz erantzun zien Urdangarinek. Eroso, ohituago eta askeago dagoen instrumentuarekin etorri zen gora. Munduari begiratzeko modua, Ezin esan eta Jon Maiarekin batera egindako Non geratzen den denbora kantatu zituen. Debagoienean badu kanta horrek aparteko esangura eta horrelaxe jakinarazi zioten artistari entzuleen txaloek Aretxabaletako mendizalea gogoan.

Ordu eta erdiko kontzertua, kantua barneratzen laguntzen zuten azalpen luzeekin apaindua eta jendearen gertuko harremanarekin ondua.
Pianoak han jarraitu zuen eta baita gauak ere, baina hori, hori beste kontzertu bat izan zen. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak