Hizkuntza ohituren bilakaeraren inguruko mahai-ingurua egin zuten, atzo, Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko abe. 4a, 08:51

Euskararen bilakaeraren inguruan egindako mahai-ingurua, atzo, Elgetan.

Errealitate linguistiko ezberdinetako bost elgetarren testigantzak oinarri hartuta egin zuten gogoeta Euskararen Egunean. Aurretik, txokolate-jana eta umeendako jolasak ere izan ziren, Elgetan.

Eustat erakundeak jasotako datuen arabera 1986an elgetarren %85 zen euskalduna, eta 2016an %76,30. Erdaldunen portzentajeak, berriz, gora egin zuen epe horretan. 1986an herritarren %6 ziren erdaldunak, eta 2016an %11,70. Tamalez ez dago datu eguneratuagorik.

Kale erabilera datuei dagokienean ere 2016koak dira eskuragarri dauden azken neurketak. Horien arabera euskararen kale erabilera %74,4 zen 2016an, gaztelerarena %25,2 eta bestelako hizkuntzena %0,4.

Datu horiek abiapuntu hartuta bost elgetarren testigantzetan oinarritutako mahai-ingurua egin zuten atzo, Elgetan. Belaunaldi desberdinetako herritarrak dira Maria Esther Telleria, Enrike Gorrotxategi, David Peñalver, Maialen Arantzeta eta Maria Sarasua. Errealitate ezberdinak bizi izan dituzte, gainera: batzuk etxean jaso dute euskara, beste batzuk eskolan edo kalean, batzuendako familia osoa izan da beti euskalduna, beste batzuen kasuan guztiz kontrakoa izan da.

Errealitate ezberdin horietatik abiatuta nork bere esperientziaren berri eman zuen, eta azaldu zuen nola ikusten duen euskararen egoera Elgetan. Aipatu zituzten etxeko hizkuntza ohiturak, eskolakoak, lanekoak, lagun artekoak… Eta aztertu zuten, baita ere, gaur egungo egoera, aisialdia eskaintza, euskarazko produktuen kontsumoa…

Udalak antolatutako mahai-ingurua izan zen eta 21 lagunek hartu zuten parte. Ia bi ordu luzatu zen saioa eta bertaratutakoek ere nork bere iritzia emateko aukera izan zuten. Gai asko irten zirela adierazi dute antolatzaileek, eta etorkizunera begirako hausnarketarako balio izango dutela.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak