Euskararen Nazioarteko Egunarekin lotuta hainbat ekintza daude iragarrita Elgetan ere. 16:30ean urteroko txokolate-jana eskainiko du Maala guraso elkarteak. Seigarren mailako neska-mutikoek gozoak salduko dituzte ikas-bidaiarako diru ateratzeko, eta erosleen artean Realeko hainbat artikulu zozketatuko dituzte.
Euskara batzordeak antolatuta neska-mutikoendako jolasak izango dira txokolate-janaren ondoren. 17:00ak aldera, ziurrenik. Eguraldiaren arabera ekintza horiek biak frontoira mugituko dituztela jakinarazi dute antolatzaileek.
Mahai-ingurua, udaletxean
Azkenik, Udalak antolatuta bost herritarrekin osatutako mahai-ingurua dago iragarrita 18:30erako. "Bertan, belaunaldi ezberdinetako bost elgetarren testigantzak jasoko ditugu", azaldu du euskara zinegotzi Ane Bilbaok. "Adin tarte ezberdineko elgetarrak gonbidatu nahi izan ditugu mahai-inguru horretara. Gure asmoa, batez ere, euskarak Elgetan izan duen bilakaera ulertzea da".
Bertaratutako herritarrek parte hartzeko aukera ere izango dutela azaldu du Bilbaok.
"Testigantza ezberdin horiek geroko hausnarketarako abiapuntu izango dira", zehaztu du.