Elgetako neska-mutikoek gustuko dituzte ipuinak, eta adi-adi entzuten dituzte. Ondo dakite hori kontalari saioak egiten dituzten boluntarioek. Adin guztietako umeendako saio bakarra egiten hasi ziren. Kopuru handian eta batez ere adin aldetik alde nabarmenak zeudela ikusita saioko bi txanda egiten hasi ziren 2016ko ekainean. Horrela funtzionatu zuen ekimenak 2018ko irailera arte. Ordutik aurrera eta gaur egunera arte saioko hiru txanda egiten dituzte; izan ere, adin tartea handitzen joan da.
Boluntario taldea
Urteotan guztietan boluntario talde batek egin ditu saioak. 2019an, sei lagun aritu dira kontatzen eta beste lau inaktibo egon dira. Orain, proba egingo duten bi pertsona berri daude taldean, eta gustura jardunez gero gehituko dira ekimenera. Guztiak dira emakumeak.
Ez dira kontalari profesionalak. Gehienak etxean eta etxekoendako hasi ziren ipuinak kontatzen, baina erronka onartu eta ipuinak aukeratzeko, prestatzeko eta kontatzeko lana hartzen dute txanda heltzen zaienean.
Profesionalen gidaritzarekin
"Kontalaritza komunikazio ariketa bat da. Trama bakarreko fikzioa da ipuina, eta pertsonaiak beldur edo desio batetik abiatzen dira beti", azaldu du Maider Galarza ipuin kontalariak egunotan Elgetako liburutegian. Bina orduko hiru formakuntza saio eman ditu, eta zazpi lagunek hartu dute parte. "Ipuina transformazio baten bidaia da", azaldu du. "Eta beti dago mezu bat. Ipuin batzuk oso boteretsuak dira", ohartarazi du. "Aukeratu behar da zer esan nahi dugun eta nola esan nahi dugun, eta gero, eginean topatzen dira formula egokiak".
Hainbat argibide eman ditu Galarzak Elgetan; horien artean, ipuin bat ahozkotasunera nola ekarri. "Zer dugu guk liburu batek ez duena? Bada, ahotsa eta gorputza, eta nork bere ahotsa bilatu behar du".
Saroa Bikandi, Virginia Imaz, Bego Alabazan eta Eneko Haritza kontalariekin ere egin dituzte formakuntza saioak Elgetan. Aurten, Maider Galarzaren gomendioak jaso dituzte; horrekin batera, bere egiteko moduak ezagutu dituzte. Laster izango da berriz ere Elgetan Galarza; izan ere, neska-mutikoendako kontalari saioa ere egingo du.