Interesaturik egonez gero bi aste barru eratuko dute Elgetako kontsumo taldea

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko aza. 29a, 07:50

Kontsumo taldea sortu gura dute Elgetan, eta atzo egin zuten aurkezpen ekitaldia. Ekoizlea badute. Bergarako Ziarreta baserriko Iñigo Gabilondo izango da.

Hamalau herritar gerturatu ziren atzoko aurkezpenera eta lauk eman zuten izena. Helburua, orain, taldea osatzeko beste jende elkartzea da. Aurkezpen ekitaldia izan zen, batez ere, kontsumo talde bat zer den eta zein onura dituen azaltzeko. Horrekin batera, interesatuta egon daitezkeen herritarrei egitasmoa gauzagarria dela adierazteko.

Esperientzia duen ekoizle bat gertu dago hornitzaile lanak egiteko, Udalak baliabideak ipiniko ditu… Orain behar dira elikadura eredu jasangarri baten aldeko apustua egingo duten herritarrak.

Gipuzkoako Basherri Sareko ordezkariak izan ziren, atzo, Elgetan. Baita ere Deba Garaia Landa Garapeneko ordezkariak, eta, nola ez, udal ordezkariak. Proiektuak lehen urratsak eman ditzan laguntzen ari den Mondragon Unibertsitateko ikasle talde bat ere bai.

Berba egin zuten elikadura burujabetzaz, produkzio sistema jasangarrietaz, osasunari begirako aukeraketaz, nekazaritza ekologikoaz, kontsumitzen ditugun produktuak ekologikoak, bertakoak eta sasoikoak izatearen garrantziaz… Eta egin zuten planteamendu argi eta zehatz bat Elgetarako.

Badaude argitzeko dauden zenbait puntu, eta eigtasmoa martxan hasitakoan adostuko dira horiek taldeko kideen artean. Hasierako planteamendua, ordea, nahiko zehatza da.

  • Ekoizlea Bergarako Ziarreta baserriko Iñigo Gabilondo izango da.
  • Astean behin banatuko ditu otarrak Elgetan. Ez dira otar itxiak izango. Taldekide bakoitzak aukeratuko du astero ze produktu eskatu. Gutxienez astero bost produztu aukeratzeko konpromisoa eskatzen da.
  • Ze produktu eta nola ekoizten dituen azaldu zuen Gabilondok. 
  • Zerrenda bat aurkeztu zuten prezioekin. Ordainketa sistemak ere azaldu zituen. Bezeroek astero jasotzen dute eskaera fitxa. Banaketarekin batera jasoko dute ordaindu beharreko diru kopurua zein den, eta ordainketak egiteko askotariko aukerak daude: esku dirutan, Bizum bitartez, transferentzia eginez...

Ekoizlea gertukoa

Asentziotik ikusten da Ziarreta baserria. Bertako semea da Gabilondo eta gurasoengandik jaso du baserria. Duela urte eta erdi erabaki zuen aurretik zuen ogibidea utzi eta lehen sektoreko ekoizle lanetan hastea. Lauzpabost denda  hornitzen ditu, Bergaran ere baditu kontsumo talde bitarteko zuzeneko bezeroak, eta azokaz azoka ibiltzen da.

Ez da lehenengo aldia Elgetan kontsumo talde bat sortzeko saiakera egiten dela. Aurretik egon dira beste saiakera batzuk herriko baserritar oinarri hartuta. Baina herrian ez dago baserriko lanetatik bizi den baserritarrik eta eskaintza apur bat txikia gelditzen zen. Oraingo honetan oso urrutira joan gabe badago aukera kontsumo talde bat martxan jartzeko, eta hori da asmoa.

Atzoko aurkezpen ekitaldiaren ostean komunikazio kanpaina egingo dute herrian, eta bi asteko epea zabaldu dute interesatuek izena eman dezaten.

Abenduaren 12an egingo dute hurrengo batzarra. Hor ikusiko da zenbat jendek eman duen izena, eta baloratuko da merezi ote duen taldea martxan jartzea.

Argibide gehiagorako udaletxera jo behar dute interesatuek.

Iñigo Gabilondo baserrian ekoizten dituen produktuen berri ematen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak