Gaztaroan izandako jokoarekiko adikzio kasu erreal baten testigantza izango da, domekan, gaztelekuan

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko aza. 16a, 09:00
Teklatu bat.(Iturria: Bachmont)

 Julen Sanchez gazte donostiarraren bisita jasoko dute domekan, 18:00etan, gaztelekuan. Ez ditu datu eta teoria pila emango. "Kasu erreal bat kontatuko dut; nirea. Jokoarekiko adikzioa izan dut. 18 bat urterekin sartu nintzen mundu horretan, eta gaur egun terapia bat bukatzen ari naiz Gizakia Helburu-Proyecto Hombre elkartean". 

 

Nerabezaroan gerta daitezkeen askotariko mendekotasunak izango dira aztergai, egunotan, Elgetan. Domekan, kasu erreal bat ezagutzeko aukera izango da gaztelekuan, eta astelehenean Emoki elkarteko aditu bat izango da udaletxean.

Neska-mutikoendako zein gurasoendako hitz egingo du Julen Sanchez donostiarrak, eta ematen duen lehenengo hitzaldia izango da. "Mendekotasun batek pertsona bat nora eraman dezakeen azaldu nahi dut. Kasu erreala eta pertsonala izanik ondo ulertuko dela uste dut". 

Askotariko adikzio arriskutsuak daude: jokoa, bideo jokoak, drogak... Galdera da zergatik jotzen duen hainbatek horrelakoetara. "Kasu gehienetan, askatasun edo bake une baten bila jotzen da adikzioetara, baina bizitzako beste arazo batzuetatik ihes egiteko modu bat besterik ez da. Mendekotasun bat garatzen duzu, baina zu beste arazo batengatik zaude gaizki, eta kasu oso gogorrak ikusten dira. Nik ez dut lana galdu, ez dut diru aldetik sekulako sarraskirik egin, baina arazo baten aurrean jokoa bilatu nuen irteera gisa, eta arazoa hori da". 

Adikzioetan jaustea, oso erraza 

Gaur egun oso erraza da edozein nerabe adikzio batean jaustea. Ez du zertan joko-areto batera sartu jokoan hasteko. "Mugikor bat eta Internet konexioa nahikoak dira edozein webgunetan sartzeko, eta hori da kezkagarriena", adierazten du Sanchezek. 

Poker eta kasino moduko joko birtualetan garatu zuen berak jokoarekiko mendekotasuna. Uste du gurasoek oso adi egon behar dutela horrelako arriskuen aurrean. "Adi ibili behar da nerabe bat egunerokotasunarekin lotutako galderei ihes egiten hasten bada edo lagunekin egon beharrean etxean ematen baditu ordu asko. Gaur egun, bestalde, badaude guraso kontrolerako hainbat aplikazio berri. Garrantzitsua da adi egotea". 

Sanchezen esanetan lehenengo pausoa da arazo bat dagoela konturatzea, eta hurrengoa aztertzea zergatik izan daitekeen eta nola bidera daitekeen. Espezializatutako psikologoak daude eta baita ere adikzioak lantzen esperientzia duten elkarte asko. "Niretzat Gizakia Helburu-Proyecto Hombre elkartea oso lagungarria izan da. Talde dinamikak egiten dituzte, eta nire kasuan taldea laguntza handikoa izan da arazoa identifikatzeko, eta aurrera egiteko gakoak topatzeko".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak