Sei taldetan banatuta 22 lagunek dihardute mintzalagun Elgetan. Pare bat lagunek, gainera, bi taldetan hartzen dute parte.
Lau urteotan taldeen nolakotasuna identifikatu diren beharretara egokitzen joan da. Sei taldeetatik hiruk eusten diote oinarrizko ereduari. Euskaraz jariotasunez hitz egiten duten bidelariak eta mintzapraktika premia duten bidelagunak elkartzen dira astean ordubetez. Hamaika taldekide dira, guztira; hiru bidelagun eta zortzi bidelari.
Kopuruz talde handiena, ordea, hitanoz aritzeko elkartzen den Hikalagun taldea da aurten. Sei kide dira; bi bidelagun eta lau bidelari. Herrian egindako hitano ikastaro batetik abiatu zen talde dinamika hori orain bi urte.
Kuadrillendako, Berbakuadri
Iaz abiarazitako formatua da, eta hiru lagunek dihardute aurten taldean. "Iruñe inguruan dagoen formatua da. Gazte kuadrilletan eta berezkoa duten eremu naturalean hizkuntza ohitura berriak sustatzea du helburu", azaltzen du Elgetako koordinatzaile Geaxi Ezpeletak.
Hasiberriendako, Euskaralagun
Berbalagun taldeetan parte hartzeko mailarik ez dutenei zuzendutako taldea da Euskaralagun. Elgetan lau kidek osatzen dute. "Batez ere, hiztegia lantzen dugu astean ordu eta erdiz".
Jolaslagun talde bat eratzeko eskaintza ere izan da, baina ez da irten. "Gurasolagun taldea egon izan da. Bada, gurasoak eta umeak elkartzea zen hemen proposamena, saioetan hizkuntza ohituretan eragiteko".