Ikastetxez ikastetxe 'jugger' jokoa zabaltzen

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko aza. 8a, 09:27
Rouse Garcia ezpata batekin eta Jessica Ots 'jugg'-arekin, Elgetan.

Jessica Ots eta Rouse Garcia jugger jokalariak dira. Gipuzkoan dagoen talde bakarraren sortzaileak dira, eta taldekide gehiago egiteko helburuarekin ari dira lanean. Esgrimaren eta errugbiaren arteko jokoa dela azaldu dute.

Alemanian sortu zuten jugger jokoa, 1989ko Sangre de heroes pelikulako eszena bat oinarri hartuta. Gure inguruan oso ezaguna ez den arren, nazioarteko txapelketak jokatzen dira, eta Espainian ehun bat talde daude. "Gipuzkoako talde bakarra da gurea. Bilbon beste bi daude, eta Gasteizen bat", azaltzen du Jessica Ots jokalari eta entrenatzaileak. "Minik ez hartzeko arau oso zorrotzak ditu, eta erabiltzen ditugun armak goma-aparrekoak dira", zehazten du jokalari, bigarren entrenatzaile eta elkarteko presidente Rouse Garciak. "Kolpe bat edo beste hartzen dugu tarteka, baina ez beste kirol batzuetan baino gehiago".

Taldeak mistoak direla eta txapelketetan lehiatzeko muga 14 urtetik gorakoa izatea dela zehaztu du. "Hainbat arma modalitate daude: ezpata motzak, ezpata eta ezkutua, ezpatakada, Qtip-a, bastoia, eta katea". Talde bakoitzak bere estrategia pentsatzen du eta erabakitzen du zein armarekin irtengo den lehiara, kontuan hartuta, betiere, ezin direla talde batean bi kate erabili. Helburua da jugg delakoa joko eremu batetik bestera eramatea. Hala, taldekideek lasterkaria babestu eta bidea zabaldu behar dute. "Arerioak immobilizatzeko aukera dugu. Arma batekin ukitu behar ditugu, eta erabilitako armaren arabera immobilizazio denbora motzagoa edo luzeagoa izango da", dio Garciak.

Bost laguneko bi talde, aurrez aurre

Bost laguneko bi talderen artean jokatzen da jugger norgehiagoka bat. Lau jokalarik armak dituzte eta bosgarrena lasterkaria da. Alderik alde zeharkatu behar du joko eremua jugg izeneko pieza dagokion lekura eramateko. Joko eremuak forma oktogonala du eta belarrezkoa izaten da. Arima Galduak taldea Bergarako San Martin ikastetxean entrenatzen da, domeketan.

Hiru urteko ibilbidea

Duela hiru urteko Euskal Encounterrean ikusi zuen Jessica Otsek jugger erakustaldi bat lehenengo aldiz. Ikaragarri gustatu zitzaion eta lortu zuen inguruko bospasei lagunekin taldea osatzea. "Gasteizko lagun bat ere konbentzitu nuen han taldea sor zezan", azaltzen du, irribarretsu.

Ikastetxeetan erakustaldiak eskaintzen hasi dira orain. "Zerbait berria da eta gazteek gustuko dute. Guk, gainera, jokalariak behar ditugu, edo talde berriak sortzea".

 

Erlazionatuak

Jugger, Arima Galduak taldea

Larraitz Zeberio Lekuona 2019 aza 08 Elgeta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak