Kontuz atez ateko salmenta eskaintzekin

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko urr. 28a, 09:52

Iruzur handiak egoten dira, eta gehienak epeka ordaindu beharreko eta hirugarren adineko pertsonei zuzendutako produktuekin izaten dira. Saltzaileak kontratua berehala sinatzeko presio handia egiten dute, eta opari potoloak eskaintzen dituzte.

Xalbadorpe elkarteak Kontsumobiderekin elkarlanean antolatutako tailerra gidatu zuen eguaztenean Ortzadar enpresako kontsumo hezitzaile Olatz Hilariok. Etxez etxeko salmentekin kontu handia eduki behar dela esan zuen. "Bai tinbrea jotzen digutenean, bai telefono dei bat jasotzen dugunean", ohartarazi zuen. "Lehenengo eta behin, argi eduki behar dugu ez gaudela behartuak ez atea zabaltzera, ez telefono deiak hartzera, eta eskaintza entzutea erabakitzen badugu identifikazioa eskatu behar dugula. Noski, ez dugu sekula ez fakturarik, ez bankuko daturik, ez nortasun agiririk erakutsiko". 

Salmenta teknika horiekin iruzur ugari egoten dela ohartarazi zuen kontsumo hezitzaileak. "Gehienetan, epeka ordaindu beharreko produktuak izaten dira eta horrek bi produktu erostera behartzen gaitu: alde batetik, produktua bera, eta bestetik, hori finantzatzeko mailegua". Askotan hirugarren adineko pertsonei zuzendutako produktuak izaten direla zehaztu zuen, eta zalantzazko kalitatezkoak. "Koltxoiak, oheak, gaixotasun kronikoetarako gailuak...". Gas edo argindar ikuskatzeak ere aipatu zituen.

 

Saltzaileek, gainera, kontratua berehala sinatzeko presio handia egiten dute, eta kontsumitzaileak ez ditu kontuak ateratzen. Ez da konturatzen azkenerako dirutza ordainduko duela. "Gauzak ondo pentsatzeko denbora eskatzeko eskubidea du kontsumitzaileak. Idatziz eskatu behar da emandako informazio guztia, eta nork bere kalkuluak lasai egiteko tartea hartu behar du". 

Uko egiteko eskubidea 

Legeak dio kontratu guztiek jaso behar dutela kontsumitzailearen uko egiteko eskubideari buruzko informazioa. Eskubide horren arabera, produktua erosteko erabakia atzera botatzeko aukera du erosleak. "Gure eskubidea da produktua etxera iritsi eta gero iritziz aldatzea. Hamalau eguneko epea dugu horretarako. Enpresa batzuk zailtasunak ipintzen saiatzen dira, baina jakin behar dugu hamalau eguneko epealdi hori ez dela hasten kontratua sinatu genuen egunetik aurrera, baizik eta produktua etxean jaso dugun egunetik aurrera. Sinatu dugun kontratuak ez badu uko egiteko eskubidearen gaineko informaziorik jasotzen, hamalau eguneko epea 365 egunera luzatzen da". 

Kontsumo hezitzaileak produktuaren bilgarria ez botatzeko gomendioa ere eman zuen. "Ohiko iruzur teknika izaten da produktua etxera ekartzerakoan garraiolariek bilgarria kentzea. Adibidez, sofa bat erosi badugu, etortzen dira, sofa berriari bilgarria kentzen diote eta, gainera, zaharra eramateko mesedea egiten digute. Bada, bilgarririk ez badugu, saltzaileak argudia dezake ezin dugula uko egiteko eskubidea erabili". 

Telefono deiak 

Oso ohikoak dira, bestalde, askotariko produktuak saltzeko gaur egun jasotzen diren telefono deiak. "Jakin behar dugu salmentarako deiak egiteko legez ezarritako ordutegia dela astelehenetik barikurako lanegunak, 09:00etatik 21:00etara. Hortik kanpora deitzen badigute, ilegala da, eta halaxe esan behar diegu, gainera". Deiak, bestalde, ez dagoela zertan itzuli esan zuen hezitzaileak. "Batzuetan, setatu egiten dira eta, azkenean, deia itzultzen dugu. Ba, ez dugu zertan!", esan zuen. 

Opariak ordaindu egiten dira 

Doako opariekin ez fidatzeko gomendioa ere eman zuen Olatz Hilariok Elgetan. "Opariak beti ordaintzen dira. Hemen ez du inork ezer debalde ematen", ohartarazi zuen. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak