Juan Cruz Juaristi: "Bakea da Ruandan, baina bake behartua da"

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko urr. 18a, 10:00
Juan Cruz Juaristi misiolari garaian Ruandan ateratako argazki batekin, Elgetan.

25 urte dira Ruandan genozidioa gertatu zela. Elgetako abadeak 37 urte egin zituen bertan, eta abuztuan egon da berriz. Zauriek itxi barik jarraitzen dutela dio.

Juan Cruz Juaristik (Zarautz, 1932) hamazazpi urte daramatza Elgetan abade. Aurretik, etapa luzea egin zuen Ruandan, eta 1994ko genozidioaren lekuko izan zen bertatik irteteko agindua jaso zuen arte. Laster itzuli zen, eta 2001. urtera arte gelditu zen bertan. Orain, bisitan joaten da aukera dagoenean. 

Ruandako zein eremutan egon zara 37 urte misiolari? 
Mugina izeneko eremuan egon nintzen. Zazpi abade egon ginen, eta bi parrokia sortu genituen. Ruanda oso menditsua eta berdea da, eta Mugina lautada moduko bat da. 40.000 bat lagun biziko dira bertan, eta nekazariak dira gehienbat. Biztanleria handia eta gaztea du Muginak, Ruandak moduan. 

25 urte dira genozidioa gertatu zela. Zauriak itxi dira? 
Oso zaila da zauriak ixtea. Genozidioa egon zen, eta oihartzun handia izan zuen, baina nik beti esaten dut kontra-genozidio bat ere egon zela, eta horren inguruan gutxi hitz egin dela. Hilketa asko egon ziren, eta bada jendea oraindik ere kartzelan edo erbestean dagoena. Gaur egungo gobernuak genozidioa azaltzen du munduaren aurrean, eta gelditzea lortu zutenak moduan aurkezten dira, baina armadak ondoren eragindako hilketak ez dituzte aipatu ere egiten. Bakea da Ruandan, baina bake behartua da. Gobernu autoritarioa da eta oso indartsua AEBetako babesa duelako. Hauteskundeak egiten dituzte, baina ez dira demokratikoak, eta oposizioa kartzelan edo erbestean dago. Ez da benetako bake prozesurik egin, eta horrela zaila da zauriak ixtea. 

Segurtasun aldetik Afrikako herrialderik ziurrena dela diote.
Izan daiteke; izan ere, kontrola oso zorrotza da. Gero, hilketa politikoak ere badaude. Horien berririk ez zaigu iristen, baina duela gutxi hil dute oposizioko beste kide bat. Victoire Ingabire kartzelatik atera dute, baina alderdikide bat hil dute. 

Gauza askoren lekuko izan zara, eta ikusitakoak idatziz jaso dituzu. 
Bai. Amaitzear nago eta laster eramango dut dokumentazioa misioetarako elizbarrutiko artxibora. Ruandako nuntziaturara ere bidali nahi dut, baina beranduago beharko du. Gaur egungo gobernuarekin ezin da. Muginan eta inguruan gertatutakoak jaso ditut. Nire artxiboa da; nik ikusitakoak eta ezagutzen ditudan beste lekuko batzuen testigantzak daude bertan.

Prentsak gauza asko zabaldu zituen, eta nik ditudan datuen arabera guztiak ez dira egia. Irakurri izan dugu, esaterako, bonbardaketa baten eraginez eliza jakin bat jausi zela eta bertan babesa hartuta zeuden hainbat lagun hil zirela. Bertara joan eta eliza osorik zegoen. Ruandan gauza asko gertatu dira eta ikaragarriak, baina kazetari batzuk fundamenturik gabe egin dute beraien lana. 

Bi hamarkada hauetan herrialdeak aurrera egin du? 
Garapen handia egon da Ruandan, eta horretan zerikusia du kanpotik jasotzen duen babesak. Nire ustea da AEBei ez zaiela interesatzen Ruandan istilurik egotea, eta indarrean dagoen gobernua laguntzen ari direla.

Ekonomia oso ondo doa, azpiegitura aldetik garapen handia egon da, errepideak eta eskolak egin dituzte, argindarra ere leku askotara zabaldu dute... Hori horrela da, baina mikroekonomia datuak zein eskoletan edo unibertsitateetan dagoen maila begiratzen badugu beste irakurketa bat egin daiteke.

Hiriburuari, Kigaliri, Afrikako Singapur esaten diote eta ikusgarria da, baina Ruandako beste eremu batzuetara begiratzen badugu oso bestelako egoerak ikusiko ditugu. Gizarte mailan gero eta arrakala handiagoak daude.

Abuztuan astebete egin dut bertan. Zazpi apaiz eta hiru diakonoren ordenaziora joan nintzen. Eskola profesionala sortzen ari gara. Ikustera ere joan nintzen. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak