"Gertatutakoa ahaztu ez dadin", aldarrikapenez beteriko bisita gidatua

Jone Olabarria 2019ko urr. 6a, 17:02

Eguraldiak lagundu ez duen arren, antzeztutako bisita gidatua egin dute gaur, 13:00ean Elgetan. Herritar ugari bildu dira Elgeta erresistentziaren memoria jardunaldiei amaiera eman dien ekitaldia ikusteko.

Antzezlana ekiteko minutu batzuk falta zirela hasi da euria Elgeta bustitzen, baina hala ere herritar ugari hurbildu dira plaza ingurura bisita gidatu  bereziaz gozatzeko. Guztira, 60 bat lagunek, era boluntarioan, parte hartu dute antzezlanean eta herriko postu ezberdinak irudikatu dituzte; Bizargin postu bat, taberna bat, ospitalea, aginte postua, ...

Bisita gidatu duen Nerea Villak azaldu duenez, helburua "1936ko urriaren 4ko erasoaren aurreko uneak herrian nola bizi izan ziren irudikatzea" da. Hala, plazatik hasi dute ibilbidea eta eliza atarian egin dute lehen geldialdia. Bertan, apaizak frontera abiatzeko prest zeuden miliziano eta gudariak bedeinkatu ditu, gehienak Arratia, Padura eta Arana Goiri konpainietako kideak. Bedeinkapenaren ostean, herriko postu ezberdinetatik gidatu dituzte bisitariak, une haietan "herriaren egunerokoa nolakoa izan zen irudikatu nahian". 

Anttoni Telleria gogoan

1937ko apirilaren 25ean, 14 urte zituela, bere etxea zen Elgetako Sesto Gain baserrian frankistak sartu eta bortxatu egin zuten Anttoni Telleria. Haren bi gurasoak ere hil egin zituzten eta neskatoari bi atzamar moztu zizkioten. Bada, ekitaldiari amaiera emateko, Zumaiako herri eskolako neska mutikoek Anttoni Telleriaren omenez idatzitako bertsoak abestu dituzte, gertatutakoa "ahaztu ez dadin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak