Ahaztuen artean ahaztuenak

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko urr. 3a, 15:04

Zoila Askasibar, Zenona Arantzabal, Manuela Otxoa, Isabel Beretxinaga eta Anttoni Telleria.

Emakumeak dira protagonista 1936ko erasoaldi frankistak gogora ekartzeko memoria jardunaldietan, Elgetan. Bi hitzaldi izango dira. Atzo egin zuen lehenengoa Manolo Cainzok.  Zoila Askasibar, Zenona Arantzabal, Manuela Otxoa, Isabel Beretxinaga eta Anttoni Telleria izan zituen gogoan.

Gerran askotariko biktimak izan ziren eta emakumeen sufrimendua orain ari da azaleratzen. Intxorta 1937 kultur elkarteak Elgetako Udalarekin elkarlanean antolatuta martxan dira Elgeta erresistentziaren memoria jardunaldiak 1936ko urriaren 4ko frankisten erasoaldia gogora ekartzeko. Txema Barrutiak gaur egingo du hitzaldia eta Manolo Cainzosek atzo egin zuen. Kasu bietan emakumeak izango dira protagonista.

Bere hitzaldian, Elgetan jaio eta 1936ko gerrako biktima izandako bost emakumeren inguruan egindako ikerketaren emaitza eskaini zuen Manolo Cainzosek. Bete egin zen udaletxeko areto nagusia Cainzosen hitzaldia entzuteko. Askotariko herritarrak elkartu ziren bertan, baina bereziki esanguratsua izan zen hitzaldiko protagonista ziren emakumeetako batzuen senitartekoen presentzia. Lagungarri izan ditu Cainzosek emakume horietako batzuen ibilbidea osatzeko. Zoila Askasibarren kasuan, gainera, oraindik ere argitzeko dago non eta nola hil zen. "Salamancako artxibo historikoan jasota dago ondorengoa: Inprenta bateko jabea. Errepublika zalea. Ikertzen jarraituko dugu eta laster artxibo gehiago bisitatuko ditugu. Bagoaz poliki-poliki emakume honen istorioa osatzen", azaldu zuen Cainzosek.

Zoila Askasibar Artola

Angiozarko Migelena baserrian du jatorria familiak, baina Elgetan jaio zen Askasibar. Madrilera joan zen neskame eta Manuel Alhama Montes inprimatzailearen etxean hasi zen lanean. 1924tik 1936ra 40 langileko Inprenta Zoila Ascasibar-en jabe moduan agertzen da. Gerra hasieran desagertzen da emakume honen arrastoa.

Zenona Arantzabal Barrutia

Oso bestelako ibilbidea izan zuen, baina garaikideak ziren; izan ere, Askasibar baino urtebete gazteagoa zen Arantzabal. Bando errepublikanoak fusilatu zuen Madrilen, 1936an, eta 2007an beatifikatu zuen Eliza Katolikoak beste 498 lagunekin batera. "Denak ziren bando errepublikanoak hildakoak, eta protesta ugari izan ziren –gurea tartean–, Eliza Katolikoak ez zuelako bando frankistak hildako erlijiosorik beatifikatu eta badakigu egon zirela, tartean bi elgetar", azaldu zuen Cainzosek.

Manuela Otxoa Angiozar

Angiozarko Garaikoetxea baserrikoa eta maistra titulatua zen Otxoa. Elgetako eskolako irakaslea izan zen 1924tik 1949ra. Beste irakasle asko bezala, frankisten garbiketa-prozesuaren biktima izan zen. 1937an espedientea zabaldu eta lanpostua eta soldata kendu zizkioten. Denbora batera eskolak emateko baimendu zuten, berriz. "Frontea Intxortan ezarrita egon zen sasoian zabaldu zioten espedientea Otxoari. Pentsatzekoa da, beraz, herria mendean hartua izan edo ez frankistek agintzen zutela antzerako kontuetan. Inkisizioaren moduan funtzionatzen zuen. Otxoak zortea izan zuen eta hilabete gutxira berretsi zuten lanpostuan, baina irakasleen aurkako depurazioa sistematikoa izan zen. Gipuzkoan, sasoi horretan, 600 bat maisu eta maistra zeuden. Bada, 450ri zabaldu zioten espedientea eta %28 inguru izan zen kargugabetua edo lekuz aldatua", gaineratu zuen Cainzosek.

Isabel Beretxinaga Garitaonandia

Barrenengua baserrikoa senarra eta biok sartu ziren Amuategi batailoian. Agintariek laster eman zuten emakumeak fronteko lehen lerroetatik kentzeko agindua, baina Beretxinaga ez zen erretiratu. Hegazkin batetik jaurtitako bonba batek hil zuen 25 urte zituela, Elorrion. Autobusean hornigai bila zihoan Bilbora.

Anttoni Telleria Lamarain

Sesto Gain baserriko alaba gerrako biktima zibilen ikur da Elgetan. 1937ko apirilaren 24an frankista talde batek askotariko gehiegikeriak egin zituen baserrian; hilketak eta bortxaketak tarteko. Urteetan isilik eramandako tragedia irudikatzen du Telleriak. 2007an hil zen, gertatutakoak kamera aurrean kontatu ostean. Telleriak egindako kontaketaren irakurketa egin zuen Cainzosek, eta modu horretan eman zion amaiera aurkezpenari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak