Hamabost bat postu izango dira bihar plazan egitekoa den azokan

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko ira. 20a, 09:42
Baserritarren azoka, Elgetan.

Herriko baserritarren eta artisauen azoka 10:30ean zabalduko dute, eta, eguraldiarengatik, aurten iazkoa baino uzta hobea izan dutela adierazi dute ortuzainek. Umeendako tirolina, Intxortako igoera eta txaranga ere izango dira, plazan.

Irene Bolinaga, Jose Antonio Ojanguren, Rosa Unzetabarrenetxea eta Sebastian Arantzabal plazan izango dira bihar, etxean ekoiztutako produktuekin. Herriko baratze parkeko ordezkariek osatuko dute barazkien eta fruten eskaintza.

Bestelako jakiak ere izango dira. Marokoar gozoekin bi postu, bertako produktuekin egindako pintxoekin beste postu bat eta seigarren mailako ikasleak bizkotxo eta mota askotariko postreekin.

Artisauen atalean, Pili Arinek, Lorena Ibeasek, Camila Andrea Diazek eta Igor Hercek baieztatu dute parte hartzea. Hercek burdin-lantze erakusketa egingo du. Ekogunek eta Udal Liburutegiak ere ipiniko dute postua.

Azoka amaieran, bertako produktuekin osatutako otarre bat zozketatuko dute antolatzaileek, erosketak egin dituztenen artean. "Aurrekoa baino urte hobea izan da honako hau, eta uzta hobea izan da", adierazi du baserritarra eta baserritarren batzordeko buru den Sebas Arantzabalek. "Iaz, hezetasun handia izan zen, eta aurten, esaterako, tomate gehiago egon da. Fruta aldetik ere hobeto ibili gara. Sagarrak, madariak, okaranak... gehiago eta hobeak etorri dira".

Bertako produktuen erakusleiho

Udalak antolatzen du urtero azoka. Baserritarrekin eta artisauekin elkarlanean herrian ekoizten diren produktuak ezagutzera ematea da helburu nagusia. Urte osoan ekoizten dira produktu horiek, eta saltzeko dituzte gainerako hilabeteetan ere. Baratzeko produktuen kasuan garaian garaikoa, noski. "Azoka erakusleiho bezala egiten dugu, jendeak jakin dezan zer dagoen hemengo baserrietan eta nahi duenak urtean zehar erosketak bertan egiteko aukera hori izan dezan. Zein baserritan zein produktu lantzen diren ezagutzera emateko ere bai", azaldu du Arantzabalek.

Artisauek ere urte osoan ekoizten dituzte euren sorkuntzak. Eskaripeko enkarguak ere onartzen dituzte, eta, hain zuzen, produktu guztiz pertsonalizatuak egiten dituzte.

Tirolina eta Dunbots txaranga

Azokara adin guztietako publikoa gerturatzeko, aurten ere tirolina bat izango da Mendizaleen plazan. Udaletxeko goiko solairutik plaza barrenera zintzilik joateko aukera izango dute neska-mutikoek. Iaz, harrera ona izan zuen tirolinak, eta aurten ere horrela izango delakoan daude antolatzaileak.Festa giroa ziurtatzeko, berriz, Dunbots txarangak kaleak eta plazak alaituko ditu bere musikarekin.

 

Intxortako igoera, 11:00etan

Azoka egunarekin jokatuko da aurten ere Intxortako igoera. 10:30ean zabalduko dute izen-ematea, plazan, eta, aurrekoetan moduan, hiru kategoria izango dira: 12 urtera artekoak, 12-16 urte bitartekoak eta 16 urtetik gorakoak. Gazteenendako lasterketa Salbador ermitara joan-etorria egitea izango da.

Intxortako Ahuntzak elkarteko kideek taldeko elastikoak estreinatuko dituzte lasterketan. Atera dituzten kamisetak saltzeko mahaia ere ipiniko dute. Indarrean dauden markak hobetzeko erronkak hor jarraitzen du. Eleder Lozanok 16.14 egin zuen 2015ean eta Argider Txurrukak, berriz, 27.00 2018an. Biak dira Intxortako Ahuntzak taldeko kideak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak